GARA > Idatzia > Kultura

BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALA

Bere seigarren finalean merezitako txapela jantzi du Arkaitz Estiballesek

Dena emateko asmoz irten zen plazara eta ez zuen hutsik egin. Arkaitz Estiballes jaun eta jabe izan zen atzo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean eta txapela jantzita bueltatu zen BECetik Galdakaora.

p006_f01_294x156.jpg

Ane ARRUTI

Osasun gorabeherak atzean utzita igo zen atzo Arkaitz Estiballes BECeko oholtzara. Final irekia zegoen aurreikusita, sorpresaz betea, baina beterania eta urteetako esperientzia ez dituela alferrikako lagun erakutsi zuen galdakoztarrak. Seguru aritu zen, kantatzen zuena sinetsiz eta hortik etorri zen saria. Puntuei begiratu besterik ez dago: berarekin buruz burukoa jokatu zuen Etxahun Lekueri 57,5 puntuko aldea kendu zion bukaeran. Bien arteko lehiara iritsitakoan 8,5 puntukoa baino ez zen tartea, baina Estiballesek lan bikaina burutu zuen kartzelakoan. Lehen bien atzetik ordena honetan sailkatu ziren gainerako sei protagonistak: Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Beñat Ugartetxea, Jone Uria, Peio Ormazabal eta Eneko Abasolo Abarkas.

Aspaldian jantzi gabeko berokian, telefono zenbaki bat topatu zutela izan zen kartzelako gaia. Honakoa Estiballesen bigarrena, «Izarren hautsa» doinuan: «Aspaldi hontan kalean nago baina enabil oso baikor/ nire atzetik ustekabean beti kotxeren bat dator/ gaurkoan ere ze katxondeo/ C4 bat ta bi Ford Mondeo/ neure atzetik egoskor/ telefonoa hartu dut eta zenbakira deitu bizkor/ beste aldetik ahots goxo bat Ministerio del Interior/ ta esan diot naiz Iurrebaso/ zuk ezagutzen nauzu akaso/ ahora se pone si señor/ baina ez da jarri inor».

Saioan zehar, Arkaitzek eta Etxahunek egindako bakarkakoak ere oso txalotuak izan ziren, biak doinu bera erabili zuten gainera, Estiballesek kartzelan errepikatu zuena. Lekue umetxoa, lokartu aurretik armairura begira jarri zuten. «Oin armairuan entzunak dodaz soinu raro bat edo bi/ ta urruma bat ta horregatik nau bildurrez gori-gori/ baina mamurik ez dagoala/ ta loak arin har gagozala/ diozkue ume askori/ ta orduan zer da hori». Estiballes, berriz, desguaze batean, bere lehenengo autoari begira. Bertso hau izan zen saioko puntuatuena, 52 punturekin: «Retrobisore bat behar dut ta desguazeraino goazen/ hara helduta puntu batera joan dira begiak zuzen/ aiba hor dago opel corsita/ garai batean bezain polita/ eta hasi naiz hunkitzen/ gogoratuaz festarik festa nola ginen gu ibiltzen/ baina larregi sakatu nion ta noski motorra hil zen/ oraindik dauka Bilboko plaka/ ta `Nuklearrik ez'-en pegata/ eta hasi naiz oroitzen/ zeinen zoriontsua nintzen».

Urduritasuna

Galtzeko askorik ez izan arren, hainbeste jenderen aurrean kantatzera ohituta ez daudenei urduritasunak ez zien zuten onena ematen utzi. Hala ere, ale ederrak utzi zituzten denek. Miren Amurizaren bakarkako saioa oso txukuna izan zen, esaterako. Parrandatik bueltan, gurasoen argia piztuta topatu zuen: «Liskarra amaitzen da nekez/ ta onartzea ez da errez/ aita oihuka ta ama ixilik baztar batera negarrez/ baina ez dakit barrura sartzen ausartzen nazen ala ez».

Enbeita ere ongi aritu zen. Zortziko nagusian, honakoa bota zion bere neba Abasolori, berekin bizitzeaz nazkatuta. «Goizean hasi ta gaberaino daukat nik zugaz borroka/ ez dozu inoz behar dan legez txukuntzen Eneko korta/ zure buruan jaia daukazu bertsoa eta alboka/ zure alboan neuk hil behar dot nerbioetatik jota».

Jone Uria, berriz, eztena sartu eta sartu entzun genuen. Estiballesekin hamarreko txikian osatutako ofizioa gogoangarria izan zen. Arkaitzen ondoan, porroak erre eta erre ari zen Jone. «Enaiz jarriko behintzat ni neu hurrengoan/ Algortako Frediren koadrilan ondoan», Arkaitzek. «Nahiz eta txarrak diren bertsorik gehienak/ orain baietz ulertu Estiballesenak», Jonek.

Beñat Ugartetxeak BEC leherrarazi zuen puntuari erantzuna ematerakoan. «Zenbat urtegaz hasi zinen zu bertsotan» puntuari honela erantzun zion: «Bigaz amesten edo nengoela lotan/ bostekin aitarekin behiak jaizten kortan/ ta atzeko hauekin txosnetan askotan». Abasolo dirua aurrezteko ilunpetan aritu zen hamarreko txikian. «Ez al zaizu gustatzen nik egindakoa/ kandela baten sua ez al da nahikoa/ bizi nahi nuen une erromantikoa», kantatu zion Amurizari.

Peio Ormazabal, bere maisu Arkaitzekin aritu zen ondoen, zortziko txikian, sonotonea jartzeko asmorik gabe. «Gauza txarrak ahaztuz mugatu gaitezan/ eta gauza politak belarrira esan».

4.200 bertsozaleren olatua

Euskal Herri osotik iritsitako 4.200 bertsozalek bete zuten Barakaldoko BECeko plaza. Pankarta ugari zintzilikatu zituzten eta bertsolari kutunak turuta eta danborrekin animatu zituztenak ere izan ziren. Ohiturari eutsiz, ez zen olaturik falta izan.

Aita Luis Baraiazarra

Aita Luis Baraiazarrak jantzi zion txapela Estiballesi. 1940an jaiotako euskaltzain urgazlea da eta lan handia egindakoa bertsolaritzan, epaile zein bertso paperetan edo irakaskuntzan. Paperean idatzitako bertsoa ere kantatu zuen.

Sailkapena
Ez daudenak gogoan

Azken agurretan finala entzuten egon ezin izan zutenak gogoan izan zituzten bertsolari guztiek, bereziki kartzelan daudenak eta azken asteotan atxilotu dituztenak. Une hunkigarriak bizi izan ziren eta bertsolariek ere ezin izan zieten malkoei eutsi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo