GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga Filosofian lizentziatua

Eraikitzen dugulako, Euskal Herria da subjektu politikoa

Tomas Urzainqui historialariak GARAn argitaraturiko «Euskal Herria no es el sujeto político» artikuluari erantzun dio egileak, herri borondatea geroaren gako nagusi gisa aurkeztuz. Subjektu politikoa egituratzeko historiak, «nabarrista» barne, duen zeregina zalantzan jartzen du. Askapen mugimendutik herri borondatea egituratu beharra defendatzen du, eta amaitzeko dio, «horretarako ez dugu antzinako erreinurik behar».

GARAn, 2010eko abenduaren 9an Tomas Urzainqui historialariak «Euskal Herria no es el sujeto político» artikulua argitaratu zuen, askapen subjektu politikoa definitzeko asmoz. Zein da subjektu hori? Subordinatua dagoen gizartea, hau da, Estatu bat izatea ukatu dioten hori. Estatu izateko nazioaren eskubidea 1512. urtearen aurretik izandako Nafar Estatuan oinarritzen dela esaten digu. Hau da, Urzainquiren iritziz, Nafarroak (Euskal Herria baztertzailea omen baita) libre izateko eskubidea du aurretik Estatu bat izan zelako. Jarrera hori sostengatzeko badu Zuzenbideak babesten omen duen argumentu indartsu bat: «la aplicación del criterio existente en el Derecho internacional para los casos semejantes, que vincula el espacio de la sociedad política, o ciudadanía, con el ámbito territorial histórico del estado propio». Nazio Batuen «Eskubide kolektiboen» gutunaren atarikoan esaten zaigu, halaber, tesi horren kontra, «la ausencia de una definición universalmente admitida del concepto de `pueblo' pone en evidencia que no se trata de un concepto estático, sino dinámico». Hau da, herria denboran aldatzen doan entitatea da: bere geografia, demografia, eremu linguistikoa, eta izena bera ere aldatzen diren bezala.

Artikulu hori atera eta egun bi geroago, Luis M. Martinez Garate, Tasio Agerre eta Angel Rekalde «Nabarralde»-ko kideek «Euskal Herria sí es el sujeto político» artikulua idatzi zuten. Urzainquiren tesiaren kontra (subjektu politikoaren auziari dagokionean), herriaren dinamikotasuna onartzen dute (hasiera batean), esanez «(Euskal Herria) pasó de designar exclusivamente el hecho lingüístico a denotar una realidad cultural». Horrela, nazio euskalduna ez da existitzen behinola estatu bat izan genuelako, baizik eta guk egunero eraiki(tzen) dugulako. Geroago, ordea, gaur egun aske izateko kontzientzia Nafar Erreinuak garatu zuela dioskute, «basada en el antiguo Derecho Pirenaico». Eta horrela, «el Estado de Navarra supuso el reconocimiento internacional para la nación vasca. Es evidente que, a nivel internacional, cualquier nación tiene derecho a su propio Estado, pero para eso tiene que existir dicha nación. Y hoy la nación vasca existe, fundamentalmente, porque hubo un Estado que la forjó». Ezin ados egon hemen egiten den jauzi kualitatiboarekin: herri kontzientzia eta nazioarteko Zuzenbidea (edo eskubide tradizionalak) nahasten gabiltzala uste dut.

Azkeneko horien artikuluari egiten diodan kritika funtsezkoena hau da: antzinako estatu haren garrantzia ez da ezinbestekoa aske izateko kontzientzia egituratzeko. Hori eta, izan zirelako gara, egunero ukatzen dela enpirikoki. Noski, aske izateko eskubidearen kontzientzia ez dator Jainkoaren graziak emana, autoreok ondo azpimarratzen dutenez. Izan ere, independentziarako borondatea edo zapalduaren kontzientzia eraiki egin behar da. Xede horretarako, berdin balio lezake historiaren ezagupenak, kanta batek, arrazoi ekonomikoek edo mitoek. Independentziarako borondatea gauza askok eraikitzen dute: historia tresna horien artean beste bat baino ez da. Politikoki, ordea, aske izateko aurrebaldintza bakarra herri borondatea da. Hortik kanpo dauden elementuak borondate hori indartzeko tresnak besterik ez dira. Historia nabarrista ezin izan daiteke elementu horien guztien artikulatzailea, eta are gutxiago historia sabinista edo Espainia (Hispania) eternalaren historiak.

Baina zergatik da kateatzailea historia nabarrista hori? 1512 aurretiko egoera batek ezin duelako gaurko gizartearen etorkizuna erabaki, eta «Nabarralde»-ko kideok ados daude horrekin. Diskurtso horrek, alabaina, gaur egungo gizartea antzinako gizartera kateatzen du halabeharrez. Haiek diotenez, kontzientzia horren egituraketa eta aplikazioa «no pueden prescindir del continuo de su reivindicación histórica, que es lo que ha constituido la identidad que somos en el presente». Orduan, askapenerako herri kontzientzia nafar Erreinuaren galeraren berehalako berreskurapenaren aldarrikapenean oinarritu behar da ezinbestean autoreon ustez. Hortxe bihurtzen da diskurtsoa kateatzaile eta esentzialista.

Beraz, izan zirelako gara? Urzainquik diosku Euskal Herria izena baztertzailea dela; Nafarroa, aldiz, integratzailea. «Nabarralde»-ko hiru kideak ez daude ados. Zergatik? «Esa realidad (Euskal Herria), objetiva y reconocida por personalidades tan importantes (...) es un dato adquirido. Si, además, a principios del siglo XXI presenta voluntad política de constituirse en sujeto político como Estado independiente, tiene en la citada resolución de la ONU un innegable soporte de derecho». Orain Zuzenbide internazionala eta kontzeptuen eraikuntza nahasten gabiltza. Aitzitik, Euskal Herria da subjektu politikoa, subjektu hori definitzeko ezartzen dugun izena Euskal Herria (izan) delako (Nafarroa izan zitekeen bezala), ez beste ezergatik (ez estatu batek nazio hori egituratu zuelako). Hau da, historiak ez digu esaten edo legitimatzen gaur nor garen edo izan behar garen. Izan ere, egia al da Urzainquik dioskun bezala, Euskal Herria kontzeptu politikoa izateko historiako gertakari batek zedarritu behar duela? Nabarraldeko hiru kideek, Urzainquiren ideia honekin bat eginez, historiako datu objektibo bezala definitzen eta justifikatzen dute Euskal Herria, eta ez momentu honetan gizarte honek egunero eraikitzen diharduen kontzeptu bezala.

Kontzeptu bat definitzeko edo subjektu politiko bat egituratzeko historiaren zereginaren eztabaida hau bizantinotzat hartua izan bada ere: ez al da, aitzitik, bizantinoa, herri baten etorkizuna 1512ko konkistara edo aurretiko estatu galdura kateatzea? Ez al da bizantinoa gure herriaren askapenerako argumentu politikotzat historia erabiltzea? Ez al da bizantinoa gu gaur zer garen definitzeko tresna legitimatzaile bezala datu historikoak edota mapak erabiltzea? Aske izan nahi dugu, eta kito, berdin estatua izan dugun edo ez. Historiarena ez da argumentu politiko bat. Historiaren erabilpen molde hau bihurtzen da, beraz, Urzainquik dioen bezala (kontrakoa defendatzeko bada ere), «una conducta verdaderamente suicida». Zergatik? Euskal Herriaren askapen subjektua historiaren interpretazio teleologiko batean kateatu eta beste tresna guztiak historia nabarrista horren pean subordinatu eta interpretatzen direlako ondoren, historiaren eskema horretatik kanpo geratzen diren interpretazioak konplexu identitariotzat hartuz. Historia mota hau, horrela, murriztailea bihurtzen da, askatzailea beharrean.

Hortik askatu beharko gara ere Euskal Herria askatzen jarraitzeko, esku artean ditugun tresnak erlatibizatuz, eta haiek dibinizatu gabe, historia, aurrehistoria, folklorea, diferentziak, eta abar guztiak argumentu politiko edo kateatzaile bezala erabili gabe. Askapen subjektua osatzen dugun askapen mugimendutik egituratu behar dugu herriaren independentziarako borondatea, eta horretarako (eta libre izateko) ez dugu behar antzinako erreinurik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo