Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea
Traje eta Kome Gabon gauean
Traje: Aaaiii!!!!...
Kome: Barkatu, nahi gabe izan dun...
Trajek haserre Komek jaurti dion harria hartu du.
Traje: (Kantuan) Eragiok Kome, korrika egiteari. Harriak eman artian, harriak eman artian... Txipli, txapla...
Trajek harria jaurti du eta Komeri bete-betean eman dio buruan.
Kome: Plum...
Traje: (Pozik) Gabon gaua pozik igaro dezagun.
Kome: Ze, joango gara?
Traje: Ezin dinat, Kome.
Kome: Zer? Panderoa eta guzti ekarri dut eta!
Traje: Patu krudelak amaren amaginarrebaren lehengusuari polboroia eztarrian ataskatuta geratzea nahi izan din eta...
Kome: Itota hil da?
Traje: Ez, ez. Amaginarrebaren birraitonak pinuzko hilobitik eztula egin eta ilobaren lehengusuak oina zapaldu zion oharkabean eta...
Kome: Odolustuta hil da?
Traje: Ez, ez. Minaren minez sekulako jauzia eman eta hormaren kontra eman din buruan.
Kome: Ia, eta kolpeak seko utzi din.
Traje: Ez, ez. Hormaren kontra errebotatu eta telebista gainean zegoen geranio gaixoa tragatu din.
Kome: Eta kontrako eztarritik sartuta hil egin da, ezta?
Traje: Ez, ez. Geranioa indigestatu eta suhiltzaileak etorri behar izan ditun.
Kome: Katua zuhaitzetik jaistera?
Traje: Ez, ez. Amaginarrebaren koinataren lehengusuaren bizilagunaren amaordeari «boka-boka» egitera.
Kome: Eta hire amaginarreba? Ondo dago?
Traje: Bai noski. Suhiltzaileekin joan dun etxerik etxera kantatzera.
Kome: Orduan ez zaio ezer gertatu, ezta?
Traje: Ez, berari ez.
Kome: Nori orduan?
Traje: Nire Frantxiska maiteari.
Kome: Frantxiska?
Traje: Telebista gaineko nire geranio maitea. (Negarrez) Amaginarrebak ahotik bota duenean, lurrera erori eta kolpea dela eta, seko geratu dun gizagaixoa.
Kome: Bai, eta dolua dela eta, ez haiz nirekin kantatzera aterako, ezta?
Traje: Nola dakin hori?
Kome: Jakin ez zakinat, baina hi ezagututa, imajinatu egiten dinat.
Traje: Ba bai, paper kontuak konpondu behar ditinat.
Kome: Paperak?
Traje: Herentzia... badakizu.
Kome: Geranioak herentzia utzi al du?
Traje: Frantxiskak!
Kome: Barkatu.
Traje: Benidormeko etxea nire lehengusuaren koinataren nebari utzi nahi zionan eta nire ilobak, epaitegietara eramango omen din...
Kome: Geranioa?
Traje: Ez, herentzia jasoko duena.
Kome: Hire lehengusuaren koinataren neba?
Traje: Ez neska, Frantxiskaren kapulua.
Kome: A... Eta noiz izango da hileta?
Traje: Bihar, egun argiarekin batera bere errautsak telebista gainean botako ditinagu. Horixe zunan bere azken nahia.
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea