GARA > Idatzia > Kultura

Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea

Traje eta Kome Gabon gauean

Kome, baserritarrez jantzita eta panderoa eskuan, harritxoak jaurtitzen ari da Trajeren leihora kantatzen duen bitartean. Kome (Desafinatuaz kantuan): Jaitsi, jaitsi Traje kalera, kantu ximelak kantatzera, Gabon gaua ospatutzeko lagun minaren ondoan. Ikusiko dun... Trajek leihoa zabaldu du eta harri txiki batek ezker begian jo dio.

Traje: Aaaiii!!!!...

Kome: Barkatu, nahi gabe izan dun...

Trajek haserre Komek jaurti dion harria hartu du.

Traje: (Kantuan) Eragiok Kome, korrika egiteari. Harriak eman artian, harriak eman artian... Txipli, txapla...

Trajek harria jaurti du eta Komeri bete-betean eman dio buruan.

Kome: Plum...

Traje: (Pozik) Gabon gaua pozik igaro dezagun.

Kome: Ze, joango gara?

Traje: Ezin dinat, Kome.

Kome: Zer? Panderoa eta guzti ekarri dut eta!

Traje: Patu krudelak amaren amaginarrebaren lehengusuari polboroia eztarrian ataskatuta geratzea nahi izan din eta...

Kome: Itota hil da?

Traje: Ez, ez. Amaginarrebaren birraitonak pinuzko hilobitik eztula egin eta ilobaren lehengusuak oina zapaldu zion oharkabean eta...

Kome: Odolustuta hil da?

Traje: Ez, ez. Minaren minez sekulako jauzia eman eta hormaren kontra eman din buruan.

Kome: Ia, eta kolpeak seko utzi din.

Traje: Ez, ez. Hormaren kontra errebotatu eta telebista gainean zegoen geranio gaixoa tragatu din.

Kome: Eta kontrako eztarritik sartuta hil egin da, ezta?

Traje: Ez, ez. Geranioa indigestatu eta suhiltzaileak etorri behar izan ditun.

Kome: Katua zuhaitzetik jaistera?

Traje: Ez, ez. Amaginarrebaren koinataren lehengusuaren bizilagunaren amaordeari «boka-boka» egitera.

Kome: Eta hire amaginarreba? Ondo dago?

Traje: Bai noski. Suhiltzaileekin joan dun etxerik etxera kantatzera.

Kome: Orduan ez zaio ezer gertatu, ezta?

Traje: Ez, berari ez.

Kome: Nori orduan?

Traje: Nire Frantxiska maiteari.

Kome: Frantxiska?

Traje: Telebista gaineko nire geranio maitea. (Negarrez) Amaginarrebak ahotik bota duenean, lurrera erori eta kolpea dela eta, seko geratu dun gizagaixoa.

Kome: Bai, eta dolua dela eta, ez haiz nirekin kantatzera aterako, ezta?

Traje: Nola dakin hori?

Kome: Jakin ez zakinat, baina hi ezagututa, imajinatu egiten dinat.

Traje: Ba bai, paper kontuak konpondu behar ditinat.

Kome: Paperak?

Traje: Herentzia... badakizu.

Kome: Geranioak herentzia utzi al du?

Traje: Frantxiskak!

Kome: Barkatu.

Traje: Benidormeko etxea nire lehengusuaren koinataren nebari utzi nahi zionan eta nire ilobak, epaitegietara eramango omen din...

Kome: Geranioa?

Traje: Ez, herentzia jasoko duena.

Kome: Hire lehengusuaren koinataren neba?

Traje: Ez neska, Frantxiskaren kapulua.

Kome: A... Eta noiz izango da hileta?

Traje: Bihar, egun argiarekin batera bere errautsak telebista gainean botako ditinagu. Horixe zunan bere azken nahia.

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo