GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Josu Torre 2010/12/27

Sermoiak

Urtebete bota dut noiz izango diren zain eta aurten ere ez ditut entzun. Ahaztu egin zitzaizkidala esango dut, kasu batean bekatua izanen delako eta bestean delitua entzun ez egite hori. Asmatu duzue, noski, erregearen eta aita santuaren sermoiaz ari naizela. (...)

Iruzkinekin konformatu behar, ordea, gero hartaz idatzi nahi ezkero eta hauek ere, iruzkinak alegia, ez didate holako arreta berezirik sortzen, haietatik zehaztasun bat edo beste izan ezik. Hizkuntzarena, oraingoan ere. Unesko erakundeak euskara gal zorian dauden hizkuntzen barnean sartu duen egun bertsuetan, Erromako jauntxo txit gorenak dozenaka mintzairetan esan, eman edo eskaini omen duelako Orbi et Urbi (edo alderantziz) sermoi labur hori. Itxuraz, marketing azterketaren bat egingo zuten eta bezeroak galtzeko arriskuak, adi jarri ditu. Hizkuntzak erabiliaz gain milioika euro kostatzen diren bidaiak egin arazten die agure gizajoari. Aguretxoa diot, aipatu sermoitxo horren emateko ordua ere aurreratu behar izan diotelako horregatik.

Bestea, errege Borboitarra, lasaiago bizi da. Honek ez du klientela mantentzen ere lanik, besteek egiten diote. Bere eremuan, ordea, Erromakoak berean duen antzeko boterea du gutxienez. Ahalguztiduna dela esan nahi dut, eta gehiengoen esanetan demokratikoa den nazio, herri edo estatu baten, erabili kontzeptu horiek nahi bezala baina egun ere Juan Carlos rey de todas las españas da -pentsa bestela Hego Amerikan ere nolako autoritatea, «¿por qué no te callas?» esateko- eta kontizu! bidaiak egitera ere printzeak bidaltzen ditu gehienean. Esan bezala sarea ongi antolatua du sasi politiko mordo bati esker. Eta ez diot hau inolako iraintzeko intentzioz ez eta imintzioz baina errepikatuz, demokrazian bizi ba gara, Nork hautatu du erregea Espainiako estatu burutzat?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo