GARA > Idatzia > Kultura

ZENTRO BERRIAREKIN AGURTU DU ALBAOLA ELKARTEAK 2010A, AURRERA BEGIRA ETA HAMAIKA PROIEKTUREKIN

Albaola elkarteak Euskal Herriko itsas ondarea mantentzea, babestea eta ezagutaraztea du helburu. 1997tik martxan, aurtengoa urte garrantzitsua izan dute kokaleku berria lortu baitute. Orain, urte amaieran, 2011n gauzatuko diren proiektuak ari dira sortzen.

p050_f01_250x135.jpg

Maddalen LARRINAGA

Kokaleku berria izateak edonor pozten du, batez ere berrikuntza horrek ordura arteko egoera hobetzen baldin badu. Albaolako kide Xabi Agotek horixe bera erantzun digu Ondartxori buruz galdetuta. Ondartxo Albaolaren itsas kulturaren zentroa da eta aurrerapauso garrantzitsua izan da elkartearentzat. «Urte hau oso garrantzitsua izan da. Hamar urte Pasai Donibanen eman eta gero, Ontziolan, Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroan, aurten eta Aldundiari esker, Ondartxo itsas kulturaren zentroa sortzeko aukera izan dugu. Hori martxoan izan zen eta orain askoz ere baldintza egokiagotan gaude», zioen Agotek.

Ondartxon beraz, bi esparru nagusi lantzen dituzte. Alde batetik, ontzi museoak urtetan jaso dituen Gipuzkoako azken itsasontziak ikusgai dituzte, babestuta eta zaharberritze prozesuan. Bestetik, Pasai Donibanen zuten ontziola birkokatu egin dute: «Askoz ere baldintza hobeetan daukagu, leku asko daukagu eta ez gaude batere mugatuta». Horrekin batera, orain etorkizunerako proiektuak bideratzen ari dira, finantzaketa bilatzen, eta egitasmoak diseinatzen. «Ondartxo Euskal Herriko itsas kulturaren erreferentzia izatea nahiko genuke, baina ez Euskal Herrian bakarrik, baita kanpoan ere. Eta Ondartxo zen etorkizunerako proiektuak behar bezala martxan jartzeko behar genuen azpiegitura».

Datorren urteari begirako proiektuen artean batek garrantzi berezia du. «Beste proiektu potolo bat dugu datorren urterako. Itsasontzien topaketetan parte hartu ohi dugu geuk eraikitako itsasontziekin. Urtero egin izan dugu eta beti Oarsoaldearen laguntzarekin -eskualdearen garapenerako agentziarekin-. Iaz aukera izan genuen Bretainiako hegoaldera joateko. Han inguruan Morhan barneko itsasoa dago eta han topaketa eder batean izan ginen eramandako itsasontziekin. Itsas kultura bat ohorezko gonbidatu izaten da, eta oraingoan, hara joan ginelako, gonbidatu hori Euskal Herria izatea erabaki dute eta topaketa hori antolatzea eskatu digute. Gainera, nahikoa laguntza lortzen ari gara; hainbat erakundek bat egingo dute gurekin eta antolakuntzan ari gara orain», azaldu du Agotek. Topaketa hori maiatzaren 30etik ekainaren 5a bitartean izango da.

Bestetik, Pasaia-Lezo-Lizeoko ikasleekin bi urte daramatzate elkarlanean, horiei itsas ondarea eta itsas kultura hurbildu nahian. Orain arte pare bat proiektu bideratu dituzte eta aurten beste bat diseinatzen ari dira. Hau euskal tradizioan sortutako nabigazio tekniketan oinarrituko da. «Duela bi urte larruzko txalupa baten eraikuntzarekin hasi ginen. Oso polita izan zen. Erabat gauzatu zuten ikasleek. Basora joan ziren, egurrak beraiek aukeratu eta moztu zituzten eta gero txalupa Ontziolan osatu zuten. Beraientzat oso proiektu betea izan zen, harro sentitzeko modukoa. Gainera, aurtengo udan ikastetxeko lau ikaslerekin Kanadara joateko aukera izan genuen estropada batean parte hartzera eta hori ere oso polita izan zen».

Orain hilabete batzuk Bretainiako gonbidatu haiek Pasaian izan ziren, Albaolaren laguntzarekin eraiki zuten XIX. mendeko batela erakusteko eta nabigazio teknikak ikasteko. «Pasaia» izena eman zioten ontziari. Oraingoan, eta Morhaneko topaketa dela-eta, trukean, «Nesker» batela eraikitzen ari dira pasaitarrak, bertan erakutsi eta lehen aldiz erabiltzeko. «`Nesker' Bretainiako kideen herriaren izena da». Handik itzulitakoan, Ondartxoko ontziolan jarriko dute bertakoek ikus eta ikas dezaten.

Martxa polit hau baliatuta, web orrialde berri baten prestaketan ere ari dira lanean. Bertan, ordutegien eta kokalekuen berri emango dute. «Hemendik bi hilabetera prest izango dugu».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo