GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Zuri-urdinen 2011ko lehen entrenamendua

Osasuna eta Realak urte ona izatea, Prietoren gurariak

Zaragozaren jokalariak goraipatu eta aurkariarekin tentuz ibili behar dutela nabarmendu zuen erdilariak.

p040_f01_148x108.jpg

GARA | DONOSTIA

Familia zoriontsuen antzera amaitu zuten urtea Realeko jokalariek, eta era berean hasi dute 2011. Iragan ostiralean taldeko zuzendaritzak antolatutako hamaiketako batekin eman zioten amaiera 2010ari Zubietan, eta futbolariek gustukoen dutena eginez hasi zuten atzo garai berria: baloia ukituz eta futbolean arituz.

Izan ere, Lehen Mailako gainerako taldeak bezalaxe, lanera bueltatzeko garaia iritsi zitzaien zuri-urdinei ere. Goiz esnatu eta Zubietan aritu ziren entrenatzen Zaragozaren aurkako biharko norgehiagoka serio prestatzeko.

Gau luzean festa giroan ibili ziren asko etxerako bidean zirela hasi zuten ziur aski jokalariek euren lan saioa. Horietako bat izan zen Xabi Prieto, urteko lehen protagonista prentsaren aurrean.

Erdilariak bi gauza eskatzen dizkio urte berriari: «Osasuna eta Realak urte ona izatea». Eta horretarako biharko partidan pentsatu behar dutela nabarmendu zuen. Izan ere, Zaragoza «sailkapeneko azkena izanik, erraz irabaziko diogula pentsatzea oker handia izango litzateke».

«Zaragoza oso talde ona da, oso jokalari onak ditu, baina oraingoz gauzak ez doazkie oso ondo.Ehuneko ehunean ateratzen ez bagara eta gauzak dakigun moduan egiten ez baditugu, arazo ugari sortuko dizkigute», gaineratu zuen.

«Partida polita eta berezia»

Urteko lehen egunean beste gai batzuez ere aritu zen Prieto. Hala, Euskal Selekzioarekin Venezuelaren aurka jokatutako partidaz mintzatu zen. «Oso partida polita da, oso berezia, eta ni neu poz-pozik nago horrelako neurketa bat jokatu izanagatik. Gainera, sentsazioak berreskuratzeko ondo dator eta irabazi egin genuen. Beraz, dena bikain atera zela esan daiteke».

Bestalde, neguko merkatuan iritsitako Vadim Demidov atzelariari buruz ere eman zuen iritzia gipuzkoarrak. Bere ustez, «ikasteko gogo handiz eta taldera oso azkar egokitzeko asmoz datorren jokalaria da».

Zaragozako jokalariak ere atzo arratsaldean bueltatu ziren entrenamenduetara, sailkapeneko azken postutik ateratzeko beharrari helduz.

gaurko plana

Realeko jokalariek euren lan saioarekin jarraituko dute gaur bertan, 10.00etan Zubietan, bihar La Romareda futbol-zelaian jokatu behar duten neurketa prestatzen jarraitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo