GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinen tratamendurako Canopia proiektuari alegazioak egiteko aukera

Bil ta Garbik sustatutako Canopia proiektuari buruz beren iritzia emateko aukera izango dute herritarrek eta elkarteek. Auzokideen «kezkak eta arrangurak» jasotzeko jarrera azaldu ostean, Iriartek eztabaidan parte hartzera deitu ditu, «bereziki desadostasunak dituztenak».

GARA

Baionako Batz inguruan hondakinak tratatzeko zentroa eraikitzeko proiektuaren edukia herritarren eskura jarriko dute datorren astelehenetik aitzina. Ekarpenak eta alegazioak egin nahi duen orok Lapurdiko hiriburuko Herriko Etxean izango du aukera.

Alain Iriart Bil ta Garbiko presidenteak proiektua barrutik ezagutzera animatu ditu herritarrak, eta dei egin die bereziki kezkak eta desadostasunak dituzten pertsona eta elkarteei beren alegazioak egin ditzaten. Hilabete osoa izango dute horretarako.

Iriarten esanetan, txostenean hondakinak bereizteko Canopian erabiliko duten sistemari buruzko azalpenez gain, «erabiliko duen prozedurak sor ditzakeen eragozpenak ekiditeko hartu ditugun neurriak» xehetasun handiz agertzen dira.

Canopiak eragin dezakeen «kiratsa eta harrabotsa ekiditeko», eta oro har, zentroa «ahal den eta hobekien» auzora egokitzeko ahalegin handiak egin dituztela nabarmendu dute proiektuaren bultzatzaileek.

Arrangurak aintzat hartu

Egitasmoak, halere, arrangura eta kezka ugari sortu ditu auzokideengan baita ingurumenaren aldeko elkarteengan ere. Azken hiletan, Adech elkartearen gerizpean, auzokideek mobilizazioak ere egin dituzte.

Iriartek esan duenez, bideratu zaizkien kezka gehienak aintzat hartu eta proiektuan gaineratu dituzte. Are, hainbat eragilerekin izan dituzten bileretan, «erantzun teknikoak azaldu ostean, kezka horiek hein handian lausotzea» erdietsi dutela uste du Bil ta Garbiko buruak. Horiek horrela, eztabaidan parte hartzeko gomendioa berretsi du Iriartek, eta «eztabaida errefusatuz, Canopia haien auzoan plantatzearen aurka daudenei» mezua igorri die: «Demokrazia batean elkarteek zeregin bat dute eta hautetsiek beste bat, eta elkargoak harturiko engaiamendua beteko da. Ez dago B planik».

Hondakinen tratamendurako proiektuari dagokion bigarren jendaurreko informazioa da honakoa. Lehena iazko otsailean burutu zen, eta batez ere, kokapena, egitasmoa eta zenbait alde tekniko aztertu ziren orduan. Egitasmoa «onura publikokoa» dela aitortzeko bideratu zen lehen fase hori.

Proiektuak 60 milioi euroko kostua izango du eta Baiona-Angelu-Biarritzen sorturiko hondakinen erdiak tratatuko ditu.

Decenas de personas se concentraron ayer en el barrio de Sanduzelai de Iruñea con motivo de la desaparición del joven Darwin Fernando Piedra Morocho. El joven de 18 años, vecino de Iruñea y originario de Ecuador, fue visto por última vez el día 25 sobre las 4.30 de la madrugada, cuando salía de una discoteca después de haber salido a cenar con algunos amigos.

TXOSTEN MARDULA

Hilabetez jendaurrean aztergai jarriko dute 1.200 orriko txostena, eta «www.canopia.info» webgunean aurkituko du interesa duenak. Alegazioak Baionako udaletxean aurkeztu beharko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo