GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Dancehalla ezezaguna da gurean, baina ni arduratuko naiz ezaguna egiten»

Orain hiru urte dancehall musika aurkitu, eta begiak parez pare ireki zitzaizkion Mad Muasel singjay-ari. Dirty Dansall Crew taldeko partaide, bilbotar neskatoak «Bumclap Teachers» lana atera zuen iaz Novato kidearekin, eta «O la la» lanarekin debuta egin zuen bukatu berri den urtean, bakarlari. Gaztea irratiko «Boom Shaka Laka» saioan, esaterako, Makala DJak reggae, ska, dub & dancehall atalean urteko hoberenen artean hautatu du bertako «Memo» kantua.

p046_f01_97x116_.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Gaur El Guincho kanariarraren erritmo afrikarrei bidea irekiko die Mad Muaselek Bilboko Kafe Antzokian, Makala DJak itxiko duen gauean (21.30ean, 12/15 euro). Eta guk berarekin hitz egin dugu, dancehall delako horren berri izan nahian.

«Reggae talde bizkaitarrak teklatu jotzailea behar du» iragarkiari erantzun, eta bertako kantari Novato ezagutzean abiatu zen Mad Muaselen bide karibetarra -txikitatik pianoa jo eta erdi mailako ikasketak burutuak ditu-. «Bertako abeslaria zen Novato, eta berarekin hasi nintzen dancehall munduan, beste taldekideek reggae sustraiak lantzen zituzten bitartean, guk dantza biziagora bideratu nahi genuelako gure jarduna -adierazi digu bilbotarrak-. Eta bikotean `Bumclap teachers' maketa plazaratu genuen, sarean sekulako oihartzuna izan zuena». Horri esker, makina bat zuzenekotan parte hartzeko aukera izan zuten Novato & Mad Muaselek, besteak beste Sizzla edo Alborosie izarrekin.

«`Bumclap teachers' lanean nik ez nuen abesten, Novatoren disko jartzailea nintzen eta musika moldaketak egiten nizkion teklatuetan, behin kantu batean ahotsa sartu eta... orain nire lan propioa egin dudan arte. Gustatu egin zitzaidan». Ordura arte, Mad Muasel txosna eta herriko tabernetatik ibiltzen zen lagunekin, eta euskarazko musika zein erritmo latino mestizoak entzuten zituen (Sorkun, Amparanoia...).

Orain dancehallari emana da, «horrek jaikiarazten nau goizero». «Erritmo karibetarra da dancehall musika, reggaeton musika bezala, ez dakit zer gertatzen zaion jendeari reggaetoiarekin arazoak izateko -dio neskatoak-. Jamaikan sortua eta reggaetik eratorria, askoz erritmo biziagoa du... entzun eta dantzan jartzen zaituena». Eta gutxika, gurean ere zaleak eta gunetxoren bat egiten ari dena. «Bilbon Dirty Dansall Crew sortu dugu, eta Rebel Vibes taberna inguruan elkartzen gara -Donostian ere bada jendea, Revolutionary Brothers, King Konsul, Stepi DJ, Dancing Princess Irungo dantzaria...-. Orain arte bazen jendea rap lirikoa egiten kalean... eta orain dancehallarekin hasi gara. Kontua da, reggaetoian bezala, testu batzuk lizunak direla eta, hip hop mundutik babes gehiago jasotzen dugula reggae klasikotik baino, hauek Bob Marleyren aroan gelditu baitziren. Eta dancehall musika dantzarako egina da».

Mad Muaselen ustez, kaleko musika da «dansall» esaten dioten hori. «Elkartzen garen tabernara hurbildu eta batak besteari etxean landutakoa botatzen diogu, elkarrekin kantatu, beat box-en laguntzaz...». Trebakuntza horrek gainera makina bat oholtza zapaltzeko balio izan dio; «pentsatu nahi dut nire jarduna gustuko dutelako. Gainera neska gutxi gabiltza gaztelaniaz dancehall abeslari». Bilbotarrak Busy Signal, Lexie Lee edo M.I.A. bezalako artistak hartzen ditu maisutzat, «izugarri gustatzen zait egiten duten guztia». Eta hurbil dituenetatik, «suerte handia izan nuen Novato ezagutzeaz; baita nire taldekideak ere, Many Lion, zeresana emango duen Chete plentziar rap kantaria..., kalean kantari ditudan kideak».

Andereño bat

Bilbotarrak Mad Muasel du oholtza gainean darabilen izena. «Gustuko dut señorita bat izatea eta... ematen duen jolasa -frantsesezko mademoiselle eta ingelesezko mad, eroa, hitzen jokoa egiten du-. Kontua da inork ez dakiela nola esan... madamme deitzen didate... eta Mad laburdurarekin gelditu naiz».

Mad Muaselek «Oh la la» du bakarkako debuta, saretik jaits daitekeena, eta dancehall hitzei neskaren ikuspuntua ematen diona. «Pentsatzen dudana idazten dut, barruan dudana, eta kritika testuak sortu. Nire musika borroka musika da. Jendeak esateko dudana entzutea nahi dut».

Musikari dagokionez, «orain melodien bila nabil, lehen erritmoaren gainean ematen nuen flow guztia eta kitto. Orain arte Ruido Maldito (Madril) estudioetako Jotarekin egin dut lan. `Erritmoak nahi ditut' esaten diot -dena e-mailez- eta berak makina bat igortzen dizkit. Nik gustukoak ordaindu eta nireak dira jada. Gero behin eta berriro entzun, eta testuak sortuz noa, behin nolako soinua nahi dudan erabakia dudala. Mezuak garrantzia du, entzun nazaten nahi dut. Eta hasiberria naizenez... oraindik neure buruaren bila nabil».

Gaur oholtza gogor zapalduko du Mad Muaselek. «Nirekin batera Dpta Sound disko jartzaileak izango dira, bata speaker eta bestea plateretan, eta Rakka D koroetan». Gero eta itzal handiagoa eta zale multzo zabalagoa lortzen duen arren, «dancehalla ezezaguna da oraindik gure artean», aitortu digu bilbotarrak. «Baina lasai, ni arduratuko naiz-eta, ezaguna egiten».

BORROKA MUSIKA

«Pentsatzen dudana idazten dut, eta kritika testuak sortu. Nire musika borroka musika da, eta jendeak esateko dudana entzutea nahi dut».

REGGAE MUSIKA

«Erritmo karibetarra da dancehall musika, Jamaikan sortua eta reggaetik eratorria -askoz erritmo biziagoa du-, entzun eta dantzan jartzen zaituena».

«Lagunak dantzan jartzea da nahi dudana»

Undergroundean neska kantari gutxi dagoela onartu digu Mad Muaselek. «Gehienak mutilak dira, eta batzuk machote-ak, harro samarrak gainera». Hauei eskainita dago «Oh la la» laneko «Memo» kantua, besteak beste. «Bai, ezin ditut jasan, eta aurpegian nabaritzen zait. Gogaikarriak zaizkit norberaren gainetik dagoela uste duen matxote harro tipikoa; ez dakit gizonak direlako edo besterik gabe, sunormalak direlako». Aipatu lana sarean dago, musikazaleak doan jaits dezan. «Nik zuzenekoetan bost euroan saltzen ditut, baina sarean jarri dut doan». Eta erabakia argitu digu ogibidez musika irakasle den bilbotarrak: «Izugarri gustatzen zait kantuan egitea, eta gustatuko litzaidake musikatik bizitzea. Baina horretarako makina bat jendek izan behar zaitu gustuko, makina bat jenderengana heldu beharra duzu, zu ikustera etor daitezen». Etorkizunera begira, oraindik bere ahotsarekin probak egiten dabilen neskatoak makina bat egitasmo ditu. «Panamako Panapola ekoizlearekin lanean hastekoa naiz. Oso profesionala da, modernoa eta ahotsa garbi ateratzen duena. Eta nik Missy Elliotten soinu potoloa izan nahi dut, nire flow eta mezua aldarrikatzeko, eta dantzan egiten ikasi, Beyoncek bezala (kar, kar). Ez, nik jendea dantzan jartzea da nahi dudana, baina nire lagunei arrotza egiten zaie dancehalla dantzatzea, aurreiritziz beterik daude». A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo