Gizartean jarrera zitalak sustatzea
Lakuako Barne Sailaren ezaugarrietako bat asmo propagandistikoa da, Madrilgo Barne Ministerioaren parean jartzeraino. Ez da harrotzeko moduko ezaugarria; hala ere, okerrena haren ondorioak dira. Atxiloketak, elkartasuna zigortzea, adierazpen askatasuna murriztea... eta horiez gainera, gizartean jarrera zitalak sustatzeko saioa. Horixe baita Ertzaintzaren webgunean eta telefonoz salaketak egiteko aukera. Euskal Herria ez da salatarien lurra, eta Rodolfo Aresek badaki hori, edo jakin beharko luke; baita salaketaren bidezko «ikerketa» zenbaiten mendeku gosea arintzeko bidea baino ez dela ere. Barne sailburuak beste datu batzuk aurkeztu beharko lituzke: Ertzaintzak jaso dituen 436 «ekarpen» horietatik «interesgarriak» izan diren 124 horiek nola lagundu duten «terrorismoaren aurkako borroka» hobetzen, zenbat «atentatu galarazten» lagundu duten. Salaketa batzuk beste batzuk baino sinesgarritasun handiagoa izango dute, baina Ertzaintzarentzat eta epaileentzat salaketa guztiek salatuaren hitzek baino sinesgarritasun handiagoa izango dute.
Gizartearentzako zerbitzu gisa aurkezten duten hori gizartean jarrera doilorrak sustatzeko modua da. Ez dira hain urrunak bizilagunen arteko salaketak ohikoak ziren garaiak, bai Estatu espainolean bai frantsesean. Eta lotsatzeko moduko jarrera gisa oroitzen dira gaur egun. Lakuako Barne Sailak, ordea, sustatu egiten ditu.