Iker Isiegas Garisoain Euskal preso politiko-ohia eta Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzailea
Egin dezagun urratsa: Bilbotik Zizurrera!
Preso dagoen senide, lagun edo maitearen irribarrea ikusteak ez dauka preziorik. Preziorik ez du bera eta zure arteko distantzia fisikoa milaka kilometrotan neurtu arren, bere gutun bat jasotzeak sortzen duen gertutasunak. Ez dago munduan dirurik bisita hasi baino lehenagoko minutuetan sentitzen dugun ilusioa ordain dezakeenik. Askok agian ez dute ulertuko, baina guk, dauden lekuan daudela, ez ditugu inoiz bakarrik utziko. Beraiekin egoteak ez duelako preziorik.
Baina zoritxarrez, eta errealitatera etorrita, sakabanaketa politikak prezio ikaragarri altua du. Bizitzetan, azken 30 urteetan 37 pertsonaren bizitzak lapurtu dizkigu politika kriminal honek (16 senide eta lagun eta 21 preso). Pezetatan lehen, eurotan orain, kontaezinak dira senide eta lagunek bisitak egin ahal izateko ordaindu izan dituzten milioiak.
Gastu horiei aurre egiten laguntzeko eta gizartea horren aurrean sentsibilizatzeko sortu zen 1999an Hatortxu Rock elkartasun jaialdia. Hatortxu ez da kontzertu bat soilik, ehunka boluntarioren artean egiten dugun jaialdia da, hilabeteetan prestatzen dena, eta helburu argia daukana: mundu guztiari oroitaraztea senide eta lagunek inoiz baino kilometro gehiago egin behar dituztela haiekin egon ahal izateko, horrek dakartzan arrisku eta sarraski ekonomikoarekin. Aldi berean, odoluste ekonomiko hori arintzen saiatzen gara Hatortxu Rocketik ateratzen diren etekinekin. Eta 12 urte pasa direnean, hemen gaude berriro: betiko alderdi ultraeskuindarren ahaleginak izanda ere, leku aldaketa amaigabea ezagutu behar badugu ere, sasi guztien gainetik, Hatortxu Rock bertan da.
Dakigunez, Hatortxu Rock asteburu honetan (ostiralean eta larunbatean) ospatuko dugu. Aurten Zizurren da hitzordua. Bihar, ordea, beste zita bat daukagu Bilbon. Ehunka atxikimendu jaso duen manifestaldira joateko deia egin nahi dugu, euskal preso politikoen eskubideen defentsa irmoa egiteko. Eta manifestazioa bukatuta, aukera ederra dugu eguna borobiltzeko Zizurrera gerturatuz; erabat bateragarriak dira bi hitzorduak. Izan ere, goizaldera arte irauten duen jaialdia da Hatortxu, nahiz eta aurten inoiz baino lehenago hasiko den.
Gutun honen bitartez gogora ekarri nahi genuen, bada, asteburu honetan euskal errepresaliatuen aldeko bi ekimen nazional burutuko direla, bata Bilbon eta bestea Zizurren. Biak beharrezkoak, biak arrakastatsuak izan behar dutenak, inoiz baino ozenago oihukatzeko euskal errepresaliatuen eskubideak errespetatu behar direla.
Bilbon zein Zizurren, zure zain gaude.
Egin dezagun urratsa, Hatortxu Rock bertan da.