Robert de Niro izango da Canneseko zinema jaialdiko epaimahaiko lehendakaria
GARA | DONOSTIA
Robert De Niro (New York, 1943ko abuztuaren 17a) aktore estatubatuarra izango da Canneseko jaialdiko (maiatzaren 11tik 22ra egitekoa) 64. edizioko epaimahaiko lehendakaria antolatzaileek atzo azaldu zutenez.
«Epaimahaiko lehendakari bitan izan ondoren 80ko hamarkadan, badakit ez dela erraza izango ez niretzat, ez nire lankideentzat; baina, gustura eta pozik sentitzen naiz Cannes zinemaldiak eman didan zereginarekin», esan zuen Robert De Nirok.
«Taxi Driver»-i esker
Aktore hau Cannes-eko historian «Taxi Driver» (Martin Scorsese) filmari esker sartu zen. Izan ere, 1976ko Urrezko Palmondoa irabazi zuen. «Plastikotasun aldakor batekin, bere pertsonaiak eraikitzeko orduan, ez dakizu paperaren arabera egiten duen, edota paperak bere egitekoari moldatzen diren», azaldu zuten Gilles Jacob jaialdiko bozeramaileak eta Thierry Fremaux lehendakariak.
Bere belaunaldiko aktore finenetakotzat hartua da De Niro, eta bereziki ezaguna egin du mafiako pertsonaien eta pertsonaia konplexuen antzezpenean egindako lanak.
Azken lau urteotan Canneseko jaialdian epaimahaiko lehendakari izendatu dute hirugarren estatubatuarra da Robert de Niro, 67 urteko aktore, zuzendari eta ekoizlea. Izan ere, 2010ean Tim Burton zuzendaria izan zen eta bi urte lehenago Sean Penn aktorea.