GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Lisabören «Ezarian» diskoa berrargitaratu du BideHutsek

BideHuts musika kolektiboak Lisabö taldearen iraupen luzeko lehen diskoa berrargitaratu du binilo bikoitzeko formatuan. «Ezarian» izeneko diskoa 2000. urteko abenduan argitaratu zuen CD formatuan Esan Ozenki Records diskoetxeak eta Irungo taldearen musika bidaian mugarri garrantzitsua izan zen. Azken urte hauetan guztietan, diskoa deskatalogatua izan da, baina, ardo onak bezala, ondu eta ongi eutsi dio denboraren eraginari.

p044_f01_203x110.jpg

Koldo OTAMENDI | IRUN

Lisabö taldearen musika ibilbidean mugarri garrantzitsua izan zen «Ezarian» diskoa. 2000. urteko abenduan argitaratu zuen Esan Ozenki Records diskoetxeak, eta taldearen musika bidean ezinbesteko pausoa izan zen egitasmoa sendotu eta hazteko. Garaian, diskoak harrera bikaina izan zuen idatzizko prentsan eta zaleen artean, eta urteak aurrera egin ahala, gurean egindako disko esanguratsuenetako bilakatu da, atzetik etorri diren musika talde askorentzat erreferente bilakatu delarik. Azken urte hauetan guztietan, diskoa deskatalogatua izan da, eta egun, BideHuts zigiluak lana berrargitaratu du binilo formatuko edizio mugatuan. Hamarkada bat geroago, garaian Lisabö taldea osatzen zuten lau musikariak batu ditu GARA egunkariak: Karlos Osinaga (baxua), Javi Manterola (gitarra), Aida Torres (bateria) eta Ivan Zabalegi (bateria). Lau musikariek "Ezarian" diskoaren sortze prozesua eta grabaketa saioak ekarri dituzte gogora.

Disko grabaketa guztiek dituzte bere istorioak, eta zentzu horretan «Ezarian» diskoaren grabaketa ez zen batere erraza izan. «Garai horretan Dut taldearen diskoan egin nuen lan eta animatua nengoen Lisabören grabaketa aurrera eramateko. Entsegu lokalean ordu asko sartu genituen kantuak prestatzen, baina grabaketa infernu txiki bat izan zen», dio Karlos Osinagak. Grabaketari aurre egiteko baliabide teknologiko ezak, eta batez ere bi bateriak grabatzeko arazoak taldea amildegi batean kokatu zuen: «Behin baino gehiagotan grabaketa bertan behera uztea pentsatu genuen, egiten ari ginen lanak emaitzarik ez zuela ikusita», jarraitu du Karlosek.

Azkenean, oztopoak oztopo diskoa amaitu zen, eta Azkaraten (Nafarroa) Angel G. Katarainen eskutik masterizazioa jaso eta gero, Esan Ozenki Records diskoetxea arduratu zen diskoa argitaratzeaz. «Diskoetxeko langileak ezagutzen genituen eta Fermin Muguruzak luzatu zigun diskoa grabatzeko aukera. Egia esan, inoiz ezingo dugu behar bezala eskertu Esan Ozenkik gugatik egindako guztia. Lisabören musika bizitzan ezinbestekoak izan dira», azaldu du Karlosek. Diskoa, diseinu ederreko kartoizko kaxa urdinean kaleratu zen CD formatuan.

Hardcoretik harago

«Ezarian» diskoa musikalki definitzea ez da batera erraza; Musikalki hardcoretik harago doazen erritmoak topatzen dira: intentsuak eta energikoak. Tentsioa disko osoan zabaltzen da, eta ekaitz eta barealdiak tartekatzen dira botaka bezala abestutako hitz oldarkorrekin. Garaian, Fugazi eta Shellac taldeak aipatu ziren besteak beste Lisabören musika definitzerakoan, baina Javiren esanetan, erreferentziak askoz gertuago zituzten. «Garai horretako gure eragin nagusia Dut taldea zen. Lagunak genituen eta beraien kontzertu ugaritara joaten ginen: Karlos teknikari bezala, Ivan eta ni laguntzaile moduan...». Eragin horiek nabarmenak ziren arren, Lisabök nortasun propioa zuen diskoa grabatzea lortu zuen. Oraindik ere taldearen kantu zerrendan ezinbestekoak diren kantuak topatzen dira berrargitaratu berri den disko honetan. «Ez nago maitatzeko prest», «Zer egiteko gai gara?», «Hemen naiz, ez gelditzeko baina»... Denborak ongi errespetatu duen diskoa ote den galdetzean, Javik honela erantzun du: «Akaso, azken hamarkada honetan ez da izan garapen askorik euskal musika eszenan, eta horrek, diskoa fresko mantentzen lagundu du». Aipaturiko lau musikariez gain, diskoan parte-hartze handia dute Maite Arroitajauregi eta Javier Muguruza musikariek. «Garai horretan Maite bosgarren Lisabö izan zen. Disko honetan presentzia handia du», dio Aidak.

Gerora, taldekideen joan-etorriak suertatuko ziren, eta estudioko lan gehiago argitaratu zituen Lisabök: «Egun bat nonahi» (Acuarela), «Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak» (Metak-Pil Pil Sessions) eta orain artean taldearen estudioko azken diskoa den «Ezlekuak» (BideHuts) diskoa, 2007ko abenduan.

Egun, taldea entsegu lokalean dabil lan berria izango denaren zirriborroak idazten. «Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak» lanean parte hartu eta gero, sentsazio onak bizi dituzte. «Lanean ari gara, eta taula gaineko itzulera disko berri batekin izango da. Gauzak lasai hartzen ditugu, eta behar denean iritsiko da unea», dio Karlosek.

ESTUDIOKO LANA

«Entsegu lokaletik kantuak ongi landuak eraman arren, estudioko jarduna oso konplexua izan zen. Lokalean, batez ere musika sentsazioekin lan egin genuen, eta estudioan horri guztiari koherentzia ematea ez zen lan erraza izan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo