Alaitz Tolosa Donostiako ezker abertzaleko kidea
Donostian Euskararen Ekimen Estrategikoak 10 urteotan?
Hitz politetatik harago joan beharra daukagu eta horretarako bai instituzioen eta bai gu guztion lana eta elkarlana behar dugu. Guztion parte-hartzea bermatu behar da, euskaldun eta euskal herritar guztion esku baitago euskaraz bizi ahal izateko pausoak ematea
Donostiako Udalak herritar bakoitzaren hizkuntza eskubideak guztiz errespetatuak izateko eta euskararen hizkuntza normalizaziora heltzeko «Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra» onartu eta abian jarri zuen 2001. urtean. Planaren eragin aldia hamar urtekoa izan da, zeina bi esparru planetan gauzatua izan den. Lehen esparru planaren ebaluazioa 2006an egin zen, eta orain, bigarren esparru planaren ebaluazioaren txanda iritsi zaigu, bere indarraldia laster amaituko baita, datorren apirilean zehazki.
Ebaluazio hori egiteko, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak behin-behineko ebaluazio txostena bidali zien azaroan Donostiako Euskara Aholku Batzordean parte hartzen duten eragileei; 110 orrialdeko ebaluazio txosten trinkoa, bigarren esparru plana zein neurritan bete den aztertzen duena. Eta hori banatzearekin batera, berau aztertzeko eta ebaluatzeko bilkurara deitu zuen handik lau egunera.
Euskararen Plan Orokorrak hutsik gabeko helburuak zituen dudarik gabe, baina, zer lortu dugu hamar urte hauetan? Murgil gaitezen, bada, azterketan.
Planean eragiteko zazpi sektore definitu ziren. Sektore bakoitza arlotan sailkatu eta horietako bakoitzari helburu bat markatu zitzaion. «Adierazle» hitza askotan aipatzen da, baina non dira adierazle horiek? Helburuen lorpen maila ezagutzeko nahitaezkoa da adierazle neurgarriak ezartzea eta adierazleak neurtzeko metodologia definitzea. Eta Planaren definizioan, halakoen arrastorik ez. Bat bera ere ez.
Balorazio txostenean urteotan sustaturiko ekintza kopurua eta egindako gastua behin eta berriz aipatzen dira, eta oso datu esanguratsuak badira ere, ez dakigu eraginkorrak izan diren ala ez. Ekintza eta gastu horiek zein eragin izan duten neurtzeko, hiriaren argazkian nola eragiten ari diren ikusteko, txostenean, orokorrean, ez dago ez daturik, ez adierazlerik. Krisiaz eta diru murrizketez horrenbeste aritzen garen garai honetan, erabilitako baliabideek zein emaitza ematen duten neurtzea ez al da ba inoiz baino beharrezkoagoa? Helburua ez badugu lortzen, zertarako eskaini horrenbeste baliabide?
Ematen ditugun pausoak norabide egokian ematen ote ditugun neurtu behar dugu. Gainera, jarraipenak uneorokoa izan behar du. Indar guztiak zerbaitetan jarri eta norabide egokian ez badoaz, hobe lehenbailehen jakitea ezta? Etengabeko jarraipenarekin ekintza bideratzeko aukera izan dezakegu. Euskararen normalizazioa helburutzat duen plan batek ezin du soilik asmo eta borondate onetan oinarritu, eraginkortasuna beharko du, ezinbestekoa da.
Indar berak, norabide egokian, emaitza bikoitza. Eta egungo euskararen egoerak horrelako emaitzak eskatzen dizkigu.
Beraz, ebaluazio txostenean zehaztutako erronkekin bat egiten badugu ere, helburuak, adierazleak eta bitartekoak ondo zehaztuak izango dituen plana eskatzen dugu. Aurpegiak eta kontzientziak zuritzen dituzten planetatik nahikoa da. Nahikoa da azken urteotan instituzioak egiten ari direna kritikotasunik gabe ontzat ematetik. Inertzia gainditu behar dugu, eta euskararen normalizazioaren bidean pauso eraginkorrak eman behar ditugu.
Bestalde, balorazio txostenean behin eta berriz Euskararen Aholku Batzordea azaltzen da. Gizarte eragileen parte-hartzea bermatzeko osatutako tresna omen eta beronen batzorde iraunkorra sortu zuten. Honetan ere, hitzak politak eta borobilak, guztiok gustuko ditugunak, baina zein izan da errealitatea? Planak bere atariko atalean gizarte arloetan aritzen direnen iritziak eta ekarpenak kontuan hartuko zituela aipatzen bazuen ere, benetako aukera eman al zaie beren ekarpenak egiteko? Bost urteko lanaren ebaluazioa egiten duen txostena aztertzeko lau egun bakarrik emateak asko adierazten du urteotan gizarte eragileei ematen zaien garrantzi eta arretaren inguruan.
Euskararen normalizazioan, Donostiaren euskalduntzean, euskalgintzarekin elkarlanean jarduteko dagoen beharraz guztiok gara jakitun. Bada garaia ematen diren hitz hutsalak gainditu eta benetako parte-hartzerako metodologia ezartzeko. Batera lan egiteko modu berri bat jarri behar dugu martxan, zeinetan informazioaren gardentasuna behar-beharrezkoa izango den.
Idatzi honekin gure asmoa ez da inondik inora kritika soilik egitea, ez, hausnarketarako bideak irekitzea baizik. Aitortu beharrekoa da gauza asko egiten ari direla, diru kopuru esanguratsuak erabiltzen ari direla, baina euskarak konpromiso handiagoa eskatzen du, benetako erantzukizuna, eta nola ez, eraginkortasuna. Hitz politetatik harago joan beharra daukagu eta horretarako bai instituzioen eta bai gu guztion lana eta elkarlana behar dugu. Guztion parte-hartzea bermatu behar da, euskaldun eta euskal herritar guztion esku baitago euskaraz bizi ahal izateko pausoak ematea. Egin dezagun geurea, bakoitzarena, Euskal Herri euskalduna, Donostia euskalduna lortzeko erronka. Bide honetan Donostiako ezker abertzalearen konpromisoa eta laguntza osoak izango dira.
Aktiba ditzagun, gaitezen, 180.000 olatu Donostia euskalduntze bidean.