GARA > Idatzia > Mundua

Iranen programa nuklearra atzeratu izanarekin harro agertu da Clinton

Iranek bideratu nahi duen programa nuklearrak aurrera egin dezan eragozpenak ditu, nazioartetik ezarri dizkioten zigorrak direla-eta. Hori ziurtatu zuen Hillary Clinton Estatu idazkari estatubatuarrak, zigorren eraginkortasuna aitortu zuen aurreneko aldian.

Lachlan CARMICHAEL (AFP)

Irani nazioartetik ezarri dizkioten zigorrak eragina izaten ari direla ziurtatu zuen atzo Hillary Clinton Estatu zuzendari estatubatuarrak, batez ere programa nuklearrari aipamena eginez.

«Zigorrek eragina izan dutela diote analisi berrienek», baieztatu zuen atzo Clintonek Abu Dhabin (Arabiar Emirerriak) eskainitako elkarrizketa batean.

Diplomazia estatubatuarraren buruaren esanetan, hartutako neurriek «egitasmo nuklearren gauzatzea asko zaildu diote Irani». Gaineratu zuenez, Errepublika Islamiarrak «aurreikusi zuen egutegia atzeratzen duten arazo teknologikoak ditu».

Atzo izan zen aurreneko aldia Estatu idazkariak zigorren arrakasta publikoki aitortu zuena.

«Beraz, Iranen hainbat arazo antzematen ditugu. Baina orain, kontua da nola konbentzituko dugun Iran, onar dezan arma nuklearrek ez diotela segurtasun handiagoa emango, edota indartsuagoa egingo, kontrakoa baizik», zehaztu zuen Clintonek.

Iragan ostiralean, Israelgo Mossad-eko buru ohi Meir Daganek azaldu zuenez, ez dago arrazoitua Israelek Irango egoitza nuklearrei eraso egitea, egun daramatzan atzerapenaren ondorioz, ezingo baitu 2015. urtera arte gaitasun nuklearra garatu.

Sugar alarmista etengabea itzal ez dadin, Clintonek adierazpenak egin zituen igande gauean, desmobilizazioaren aurka, inteligentzia zerbitzuen analisiek ez dezaten «inork akatsen bat egitea eragin».

«Espero dugu gure sozio guztiek ahal bezain engaiatuta jarraitzea eta zigorrak aplikatu daitezen laguntzea», esan zuen.

Etxe Zuriak, beste herrialde batzuen babesarekin, programa nuklear zibil baten itzalpean arma nuklearra fabrikatzea egozten dio Irani, nahiz eta Teheranek ukatu egin duen beti.

MOSSAD

Irango agintariek «Mossad-ekin lotutako espioi eta terrorista sare» baten «suntsipenaren» berri eman zuten atzo. Esan zutenez, Masud Ali Mohammadi zientzialari nuklearraren heriotzarekin lotura lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo