Euskal artistak «Capital Cultura» ETB2-ko saio berrian hizpide
Euskal sortzaileen izpiritu artistikoa erakustea izango da ostegunean -23.30ean- ETB2n estreinatuko den «Capital Cultura» saio berriaren helburua. Astero emitituko da eta Alex de la Iglesia zinemagilea eta Jesus Mari Lazkano margolaria izango dira lehen protagonistak.Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Euskal sortzaileak izango ditu hizpide ostegun honetan -23.30ean- ETBko bigarren katean estreinatuko den «Capital Cultura» saio berriak. Artistez eta euren lanaz aritzeko, protagonistek eurek hartuko dute parte. Euren obraz gain, unean sortzen diren beste hamaika gauzez mintzatuko dira txandaka eta asteroko maiztasunaz pantaila txikian parte hartuko duten zinemagile, margolari, musikari, idazle edota aktoreek. Atzo Donostian eta Bilbon egindako aurkezpen banatan azaldutakoaren arabera, ordu erdiko iraupena izango duen atal bakoitzean «protagonista bat edo bi» izango dira. Lehen kapituluan esaterako, Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarra eta Jesus Mari Lazkano margolari gipuzkoarra izango dira.
Julio Flor eta Jose Fernandez de la Sotak zuzenduko duten saioak, lehenengoaren esanetan, «begi bistan utziko du poesia eta telebista bateragarriak direla» eta zentzu horretan, «formatu erakargarria» egiten saiatu direla azpimarratu zuen. Beste aurkezlearen aburuz, ez da agenda edota gaurkotasunaren araberako saioa izango, eta halako gaiak azalera ateratzen badira, «elkarrizketan zehar modu naturalean» sortu direlako izango da. Hizpidea beraz, artista bera da.
Izenburuari dagokionez, «Capital Cultura» banandu ezin diren bi hitz direla azaldu zuten. «Lurraldeaz eta ondareaz ari garelako», argudiatu zuen De La Sotak.
Artistatik pertsonara
Lehen atalean bi gonbidatu izango dira, hain zuzen ere, lehen aipaturiko Alex de la Iglesia eta Jesus Mari Lazkano margolaria. Euren lan berrienak aitzakiatzat hartuta, pertsonarengana hurbilduko dira beraz, nolabait, artistatik pertsonarako ibilbidea izango da.
Donostian Luisa Etxenike idazlea, Ricardo Ugarte eskultorea, Helena Taberna zinemagilea eta Julia Otxoa idazlea izan ziren, guztiek aurrerago eskainiko diren ataletan parte hartuko baitute. Otxoa esaterako oso pozik agertu zen proposamen berriarekin bere ustez «kulturan inbertitzea etorkizunean inbertitzea delako».
Oraingoz hamahiru kapitulu daude grabatuta eta horiekin guztiekin eta etorkizunean egingo direnekin ETBk eduki artxibo bat irekiko du.
Datozen ataletan Kepa Junkera musikaria, Inma Shara orkestra zuzendaria, Willy Uribe idazlea, Antonio Altarriba gidoigilea edota Aitor Ortiz argazkilaria ezagutzeko aukera izango da.