GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oihana Agirreren absoluzioa eskatu du amnistiaren aldeko mugimenduak

Larunbatean Bilboko kaleetan erakutsi bezala, preso politikoen eskubideen aldeko lana «erabat zilegi» eta «demokratikoa» dela aldarrikatu zuen atzo amnistiaren aldeko mugimenduak. Lan horregatik bihar Madrilen epaituko duten Oihana Agirreri elkartasuna adierazi zioten.

p020_f02.jpg

GARA

«Justiziarik gabeko herrian, justizia aldarrikatzea ere ilegal bilakatu da». Halaxe adierazi zuten atzo amnistiaren aldeko mugimenduko kideek prentsaren aurrean egindako agerraldian. Hain justu ere, bihar Auzitegi Nazional espainolean epaituko duten Oihana Agirreri babesa eta elkartasuna erakustea zuten asmoa; hura epaitzeko arrazoi bakarra «presoekiko elkartasunez eta giza eskubideen nahiz eskubide demokratikoen defentsan burutzen duen jarduera politikoa» da, euren ustez. Horregatik, Agirreren aurkako epaiketarik sekula hasi beharko ez lukeela uste duten arren, egoera horretara iritsita «zentzuzko epai bakarra» absoluzioa dela azaldu, eta «presoekiko elkartasuna eta errepresioaren salaketa zigortu duen eta bere jarduna legez kanpo utzi duen sententzia» indargabetu dadila eskatu zuten.

Era berean, «onartezintzat» jo zuten jarduera horren ondorioz 20 lagunek 8 eta 10 urte bitarteko espetxe zigorra bete behar izatea. «Demokraziaren eta eskubideen ikuspegitik, onartezina da preso politikoen eskubideak defendatu eta giza eskubideak urratzen dituen errepresioa salatzea legez kanpoko jarduera bilakatzea», adierazi zuten. Hala, eskubide politiko eta zibilak berrezarri daitezen eskatzearekin batera, lan politiko eta soziala «askatasun osoz» egiteko eskubidea ere aldarrikatu zuten.

Beste adierazle bat

Amnistiaren aldeko mugimenduko kideek esan zutenez, Oihana Agirreren aurkako auzia preso politikoen eskubideen alde Euskal Herrian «milaka pertsonen eskutik gauzatzen den lana kriminalizatu eta zigortzeko ahaleginaren beste adierazpen bat da». Hain zuzen ere, 2008 eta 2009 artean espetxeratu zituzten 20 lagunen lanarekiko eta konpromisoarekiko «begirunea» erakutsi nahi izan zuten. Estatu espainolean eta frantsesean sakabanaturik diren 735 preso politikoen artean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren defentsan lan egiten duten zazpi abokatu ere atxilotuak izan direla ¯bik espetxean diraute¯ gogorarazi zuten. Hala ere, euren lanaren zilegitasuna berretsi zuten: «Amnistia eta preso politikoen eskubideak, aldarrikapen erabat zilegi eta demokratikoak izateaz gain, Euskal Herrian gehiengo zabalak urgentziaz eta irmoki eskatzen duen zerbait da, joan den larunbatean Bilboko kaleak gainezka egoteak argi erakusten duen legez».

«Estatuek indarrean mantentzen duten errepresio egoerak» oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeko eta «bake sendoa» eraikitzeko «oztopo itzela» dira, amnistiaren aldeko mugimenduaren ustez; hortaz, errepresioa «gainditu» eta demokrazia «nagusitzen» joatea beharrezkotzat jo zuten.

Deialdia

Auzia salatu eta Agirreren absoluzioa eskatzeko, «Elkartasuna ez da delitua. Epaiketa gehiago ez» lelopean elkarretaratzea egingo dute bihar eguerdiko 12.00etan Donostiako Epaitegi aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo