Ikatzaren dekretuaren etenaldia amaitutzat eman du Auzitegi Nazionalak
GARA
Energia enpresak berriro behartuta egongo dira estatu espainolean ekoitzitako ikatza erostera, Auzitegi Nazional espainolak atzo hartu zuen behin-behineko erabakiaren arabera.
Gobernu espainolak onartu zuen dekretuaren arabera, argindarra sortzen duten enpresek Estatuan bertan ekoitzitako ikatza erosi behar dute. Dekretu horren aurkako errekurtsoa jarri zuten enpresek, ordea, Auzitegi Gorenean. Hortaz, joan den azaroan, dekretuaren indarraldia eten egin zuen Auzitegi Nazionalak, Auzitegi Gorenak erabakia hartu bitartean. Efe agentziak azaldu zuenez, orain Auzitegi Nazionalak etenaldi hori bertan behera utzi du, Auzitegi Gorenak dekretua indarrean jartzeko baimena eman duelako.
Laguntzak
Bertako ikatza erostera behartuz, Europar Batasunak sektore honi ematen dizkion laguntzen amaierari aurre egin nahi zion Gobernuak.
Arauaren arabera, argindar enpresek 2012. urtera arte ikatza erosteko konpromisoa erakutsi behar zuten hiru eguneko epean. Iberdrola, Endesa eta Gas Natural horren aurka agertu ziren. Galiziako Xuntak ere beste helegitea jarri zuen, bertako zentral termikoak atzerriko ikatza, merkeagoa dena, erabiltzeko egokituta daudelako. Baina gatazka hau, aldi berean, Europan erabakitzen ari da. Auzitegi Nazionalak erabaki hau hartu zuen egun berean Iberdrolak, Gas Naturalak eta Xuntak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari eskatu zioten dekretuaren etenaldia luzatzeko, auzia behin betiko konpondu bitartean.
Enpresa horien iritziz, merkatuko lehiaren aurkakoa da, atzerriko ikatzari oztopoak jartzean, eta ez dago hornidura arazorik halako neurri bat hartzeko.
«Sektorearen porrota»
Europako Batzordeak dekretu espainolari oniritzia eman zion joan den irailean, laguntza publikoei buruzko Europako arauekin bat zetorrela esanez, baina EBko Auzitegiak eten egin zuen dekretuaren balioa. Etenaldia behin-behinekoa da, eta ez du aurreikusten behin betiko erabakia zein izango den.
Behin betiko erabaki hori hartzerako, bi urte igaro daitezke. Hala, dekretuari oztopo guztiak kentzeko eskatu zion atzo Gobernu espainolak Europako Auzitegiari. Auzi saioan azaldu zuenez, Estatu espainolean ekoizten den ikatzari babes eta laguntza ematen dion dekretua indarrean ez jartzeak sektorearen kolapsoa ekar dezake behin betiko erabakia iritsi bitartean.
Bestalde, Europako Batzordearen arabera, dekretuari baimena emateko erabakia juridikoki oso ondo oinarrituta dago eta, bere ustez, Auzitegiak erabakia aste batzuk barru hartuko du.