GARA > Idatzia > Ekonomia

G10eko banku zentralek elikagaien prezioen gorakadaz ohartarazi dute

GARA

Elikagaien prezioek gora egingo dutela eta gorabidean diren herrietan inflazioak gora egin dezakeela ohartarazi zuten atzo munduko banku zentral nagusiek, G10 izeneko taldean bildurik.

Banku horiek Basileako Nazioarteko Ordainketen Bankuko partaideak dira eta euren izenean nabarmendu zituen, Jean-Claude Trichet-ek, Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak, arrisku horiek.

Era honetan, 2008an izan zen «elikagaien burbuila» puztu daiteke berriro. Garai hartan bezala, aurrenik herrialde pobreetan sortu dira arazoak: Aljeria, Tunez, India. Baina honakoan, prezioek orduko maila gainditu dute.

FAOk egiten duen prezioei buruzko indizearen arabera -55 produktu baino gehiago aztertuz-, abenduan 214,7 puntura iritsi zen, aurreko hilabetean 206an zegoena. Gainera aurreko marka gainditu zuen, 2008ko ekainean 213,5era iritsi baitzen.

Arrazoiak

Trichetek esandakoaren arabera, ekonomia aberatsenetan inflazioa ez da asko handituko. Munduko ekonomia, oro har, suspertzen ari dela ziurtatu zuen, eta gorabidean doazen herrialdeetan susperraldia «izugarria» dela esan zuen. «Susperraldia aurreikuspenek ziotena baino hobea izan da», esan zuen Trichetek. Haren ustez, ekonomia aberatsen eta gorabidean ari direnen arteko alde nagusia inflazio joera da. G-10eko bankuek diotenaren, elikagaien prezioen igoeraren oinarrian egiturazko aldaketa dago, izan ere, suspertzen ari diren herrietan kontsumo ereduak aldatzen ari dira. Ez zuen aipatu, berriz espekulazioaren eta finantza merkatuen eragina.

Horregatik, ekonomia horiei interes tasak handitzeko aholkatu zien, inflazioa gelditzeko. Modu horretan, banku nagusiek uste dute kapitala eta inbertsioa erakarriko dituztela. Trichetek gogorarazi zuen, gaur egun, herri hauetan epe laburreko kapitalen sarrerak gero eta handiagoak direla, hazkunde ekonomiko sendoa dela-eta.

Interes tasa txikienak AEBetan daude -%0 eta %0,25 bitartea-; Japonian, %0,1; eurogunean %1ean eta Britainia Handian, %0,5ean .

Oso bestelako itxura dute tasa horiek Australian (%4,75), Indian (%6,25), Txinan, (%5,56), Hego Korean (%2,25) edo Brasilen (%10,75).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo