GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako txapelketa

Galdutako garrantzia berreskuratzen ari dira atzelariak

Asteburuan jokatutako lau partidetako lau atzelari garaileak Begino, Apraiz, Merino II.a eta Abel Barriola izan dira, Euskadi Irratia sariko lehen lau sailkatuak.

p046_f01_111x111.jpg

Jon ORMAZABAL

Kirol gehienetan bezala, pilotan ere, jokaldia amaitzeko ardura izan ohi dutenak izaten dira laudoriorik eta titularrik gehien eramaten dituztenak. Azkeneko buruz buruko finaletan ere, Abel Barriolaren azken salbuespenarekin, aurrelariak izan dira protagonista nagusiak, baina badirudi, oraingoz, behintzat, Binakako txapelketa hau atzelariei dagokien garrantzia itzultzen ari dela.

Txapelketa honen bigarren jardunaldiaren ondorio nagusi bat ateratzekotan, partida denak atzeko koadroetan erabaki direla esan daiteke. Datuaren objektibotasuna zenbaterainokoa den zalantzan jar badaiteke ere, esanguratsua da oso, Euskadi Irratiak antolatzen duen pilotari onenaren sarian, asteburuko lau lehen sailkatuak partida bakoitzeko lau atzelari irabazleak izatea. Zenbait komunikabidetako kazetariek osatutako epaimahaiaren arabera, Aritz Begino izan da asteburuko onena, lor litezkeen puntu guztiak bildu ostean 60. Hurbiletik jarraitu diote Alexis Apraizek (57), David Merinok (54) eta Barriolak (45). Puntu horiekin gainera, Auzako atzelaria sailkapen nagusiko lider sendoa da, (118 puntu), Abel Barriolari 17ko aldea ateratzen diolarik.

Erronkari bikain erantzunez

Pasatako lesio latzaren ostean, Aimar Olaizolak berme osoko atzelari bat behar zuen lehiaketan zehar erritmoa hartuz joan ahal izateko. Asegarceko arduradunek Aritz Beginori jarri zioten beti erraza izaten ez den enpresako onenarekin jokatu beharraren erronka, eta Auzakoak, momentuz, era ezin hobean bete du agindutako lana.

Orain arte jokatutako bi jardunaldietan bikain eraman du atzelari nafarrak bikotearen zama eta lehia orekatu eta gogorretan, bere eskuin boteretsuarekin ireki ditu Aimar Olaizolak ondo aprobetxatu dituen zuloak. Horrez gain, seguru eta kantxan ondo jarrita agertu da uneoro. Bide horri eutsiz gero, Goizuetakoak bere jokoan gora egingo duela ziurra denez, oso kontuan hartzeko bikotea osatuko dute, inoren inbidiarik batere gabea.

Hasieran inork ez jakin arren, David Merinori ere antzerako lana jarri zioten, txapelketan debutaria izatearen zailtasuna gehituz. Pagotxa zirudienak, Irujorekin jokatzeak, ez zuen halakorik batere Iberokoa eskuetatik oso justu iritsi baitzen lehiaketara. Gauzak horrela, bat baino gehiago izan ziren Bengoetxea-Ruiz bikotearen aurkako porrotaren ondoren bere maila ezbaian jarri zutenak. Aste honetan, ordea, Aritz Lasak emandako laguntza eraginkorrarekin, errioxarrak erakutsi du Iberokoak bizkarrak ondo zainduta dituela eta bere maila berreskuratzen badu, txapelaren lehian egoteko moduan direla. Villar de la Torrekoak ezker bikaina duela erakutsi zuen, eta jotzeaz gain txokoa oso ondo zaindu dezakeela, oin arinak ditu-eta.

Partida gris batean Alexis Apraizen eskuin kolpea -pilota bat ia 12. koadroa pasata dagoen errebotean jarri zuen- izan zen distira egin zuen apurra. Eta Barriolaz zer esan, ba Barriola izan zela, beti bere lekuan dagoena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo