Ixabel Etxeberria, Irakaslea
Frantzia eta diktadoreak
Ben Aliren familiak ondasun handiak erosi zituen Frantzian, zer eginen dute horiekin, blokatuko dituzte edo harrera gisakoa eginen dute Tunisiako diktadoreari Duvalieri egin zioten bezala?
Duvaliertarren historia Françoisekin hasi zen Haitin duela 50 urte. 1957an, hauteskunde batzuen ondotik diktadura oso errepresiboa sortu zuten bertan. 1971ean hil zen François eta agintea bere semearen esku gelditu zen, Bébé Doc. Boterean gelditu zen 1986ra arte. Orduan Bébé Doc Haititik bota zuten eta Frantziak babesa ematea onartu zuen, orduko krisiari aterabidea eman nahian, aterbe hori epe motz batendako eskaintzen ziola eta noski lapurtutakoa itzuli beharko zuela adieraziz. Geroztik Duvalier semea planetako azaletik desagertu zen eta Frantziako agintariek ez zekiten non zegoen. Duela gutxi, bat-batean Duvalier agertu da, hogeita bost urteren buruan, inongo auzirik gabe, inongo zigorrik gabe. Bébé Doc munduko telebista guztien aurrean Haitira itzuli da.
Roland Dumask, Kanpo Arazoetako ministroak eman zuen Duvalier errezibitzeko baimena, Mitterrand Gobernuaren garaian. Geroztik Barne ministro askok begiak hetsi dituzte: Joxe, Pasqua, Marchand, Quiles, Debre, Chevenement, Queyranne, Vaillant, Sarkozy, Villepin, Baroin, Alliot-Marie, Hortefeux. Ezkerrekoak ala eskuinekoak izan, diktadoreentzat, goiko eremuetan, estatu lapurrendako, ateak zabalik gelditzen dira. Duvalier Haitira itzuli da, atxilotu dute, barkamena eskatu du eta politikan aritzeko gogoa azaldu du.Frantziak ez du ia-ia ezberdintzen erregimen demokratikoa eta diktadura. Aterbea eskaini zion Duvalieri eta Tunisiarekin harreman hurbilak zaindu ditu independentziaz geroztik. Iraultza begi pean zutelarik manifestaldien lasaitzeko laguntza eskaintzen zuten. Gaur egun ez dakite zer erran behar duten Aljerian hasiak diren mobilizazioen aurrean, Israeli ematen dioten babesa hain denez inkondizionala, preso dauden zazpi mila palestinarrak ahanzten dituzte. Agintearen eremuak gertakarietatik, errealitatetik urrundu dira, denbora gehiena beren burua babesten pasatzen dute, ondorioz benetako gertakarien ondo-ondoan daudelarik ere neurgailua galdua dute, jarrera zuzena, justiziaren aldekoa hartzeko. Ben Aliren familiak ondasun handiak erosi zituen Frantzian, zer eginen dute horiekin, blokeatuko dituzte ala harrera gisakoa eginen diote Tunisiako diktadoreari, Duvalieri egin zioten bezala?
Aurore Martin gordetzera behartua delarik jarduera politikoarengatik, atxilotzeko agindua eman dute. Bitartean Frantziak Tunisiako iraultza goraipatzen du, demokraziari ateak ideki dizkiolako. Dudarik gabe, hala da, Tunisian. Haatik Frantziak etengabe, urratsez urrats demokraziari atea hesten dio. Aste honetan bertan Loppsi2 legea bozkatu dute Senatuan, Poliziari epaile baten baimenik gabe webguneen hesteko baimena ematen dion legea, etxegintza mugatzen du, eremu pribatuetan kokatzen diren ohizkoak ez diren etxeak debekatzen ditu. Etxe okupatzaileen kanporatzeko erraztasunak ematen ditu, bideo kameren kokapenerako erraztasunak ematen ditu eta herritarren kontrola indartzen du. Erreakzioak badaude, erresistentziak ageri dira. Hauek ez dira demokraziaren aldeko urratsak balira bezala aurkezten, ez gaude Tunisian!
Tunisiako gertakariek posible dela diote. Askatasunen alde, eraso guztien aurka mugitzeko garaia da.