Ixabel Etxeberria Irakaslea Martxel Toledo Garmendia, Kirolzalea
Sentimenduak eta keinuak. Aupa zuek!
Griezmannek ikurriña musukatzea edo zortzi jokalarik euskal presoen eskubideak eskatzea, keinu errespetagarriak izateaz gain, txalogarriak ere badira
Gure bizitzako beste hainbat arlotan bezalaxe, kirol munduan ere, keinuak, kasu batzuetan behintzat, garrantzi handia hartzen dute, batik bat, hauek, sentimendu batzuekin lotuta joaten direnean. Are gehiago, tartean, hedabide zirikatzaileak sartzen badira. Eta oraingoan behintzat horrela izan da. Aurretik esan, nire honek, gertatutakoaren ondoren, ez duela helburu sua berpiztea, nire ikuspuntu apaletik iritzia ematea baizik.
Urtarrilaren 8an, euskal presoen familiarrek deituta, euskal preso politiko guztien eskubideak bermatzeko “Egin dezagun urratsa” lelopean, azken urteetan egin den manifestazio handiena egin zen Bilbon. Deialdia bost mila pertsonek sinatu zuten eta horien artean, besteak beste, bakoitzak bere burua ordezkatuz, Realeko zortzi jokalariren izenak azaldu ziren. Gehienok jakingo duzuen bezala, jokalariek hori egiteagatik, alegia, pertsona modura, dagokien eskubidea erabiltzeagatik, espainiar hedabide batzuen aldetik pairatu behar izan duten lintxamendu mediatikoa izugarria izan da. Hasieran, Madrilgo kirol egunkari ezagun baten bitartez izan bazen ere, gerora, beste batzuek egurra ematen jarraitu zuten, batzuen aldetik, terroristen gisa azaltzeraino. Irakurri besterik ez dago aurreko astelehenean “El Mundo” espainiar egunkarian, Carlos Torok, “La Real Batasuna” izenburuarekin bere zutabean idatzitako artikulu nazkagarri eta iraingarri hura. Baina, kasu honetan euskaldunen aurka izanik, badirudi, guztiak balio duela. Ziur nago gainera, Toro jaunak hor jarraituko duela, bere zutabeetatik euskaldunei erasotzen.
Testuinguru horretan, azpimarratzekoa da ere, etxean bertan, Realeko presidentea den Jokin Aperribayk esandakoa, alegia, jokalariek, presoen eskubideak bermatzeko antolatutako manifestazioari babesa emateak ez zuela taldearen barruan dagoen barne giroa hobetzen laguntzen, Realak, kolore eta sentimendu guztietako taldea izanik, alegia anitza, guztien babesa behar duelako. Aperribay jaunak jakin beharko luke, sentimendu guzti horien artean biltzen diren Realeko bazkide asko eta asko ados zeudela zortzi jokalari horiek sinatutakoarekin, besteak beste, batzuei, zoritxarrez, euskal preso batzuek pairatzen duten egoera larria oso gertutik bizitzea egokitu zaielako. Eta horietako batzuek, tamalez, oraindik preso ere jarraitzen dutelako. Horregatik, Espainia aldean jokalari hauen aurka piztutako suaren aurrean, sinatzaileei pertsona gisa merezi duten errespetua eta babesa eskaintzea izan behar zen Aperrabayren zeregina.
Bestalde, asteburuan, Espainiako futbol Ligan jokatutako jardunaldian, Antoine Griezmann, Realeko jokalari gazteak egindako keinu batek ere eman du zeresana. Kasu honetan, Getaferen aurka sartutako gola ospatzeko, kamisetaren beso-partean zeraman ikurrina musukatzeagatik izan da. Eta kirol eremuetan horrelakoak eta keinu okerragoak ia egunero ikusten badira ere, ez dute zaleen eta hedabideen aldetik hainbeste arreta eta kritikarik jasotzen, batzuetan keinu hauek, benetan, oso xelebreak eta mota guztietakoak izaten badira ere.
Baina Griezmannek irudikatutakoa, keinu soil apatiko bat baino zerbait sakonagoa izan zen, Realeko gazteak, ikurrinak sinbolo gisa Euskal Herriarentzat suposatzen duen maitasuna irudikatu zuelako. Eta badirudi, keinu horrek, telebistetako irudietan ikusi ahal izan genuen modura, espainiar zaleen haserrea eragiteaz gain, Lasarte entrenatzailearengan ere ezinegona sortu zuela eta jokalariak berak aitortu duen bezala, jokatzeari uzteaz gain, hedabideen aurrean, barkamena ere eskatu beharrean aurkitu zela.
Taldeko koloreak sentitzea eta defenditzea, kirolean balore esanguratsu eta maitatuak dira. Hori da behintzat hitzetik hortzera talde gehienetako zuzendaritzek taldeekiko konpromisoa adierazteko erabiltzen dutena.
Golak gorputzean sortutako zirrarak eragindako pozak eta zergatik ez esan, ziurrenik, Getafeko zaleen aldetik zelaian pairatu behar izan zuen hainbat irainen ondorioz pilatutako haserreak bultzatutako berotasunean, Griezmanni ikurrina musukatzea bururatu zitzaion. Keinu horrek espainiar zaleengan aipatu haserrea eragin bazuen ere, nire ustetan, ez litzateke inondik inora, zaleekiko probokazio modura hartu behar, bere berotasunean, ikur sinboloekiko izan zuen detaile polit bat bezala baizik.
Kirolariak, kirol lehiakideak izateaz gain, pertsonak dira eta horregatik, beste edozeinek bezala, une bakoitzean nahi duenari elkartasuna adierazteko edota babesa emateko eskubidea dute.
Griezmannek ikurrina musukatzea edota zortzi jokalarik euskal presoek dituzten eskubideak bermatzeko beren babesa ematea, aipatu keinuak testuinguru horretan kokatu behar dira. Eta horregatik betikoen kritika zorrotzak jaso badituzte ere, niretzat, guztiz keinu errespetagarriak izateaz gain, txalogarriak ere badira. Beraz, aupa zuek!