GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Aingeruen sexua bezala

Lagun bati, arreba gaztea non ibiliko ote zen kezkatuta, «agian egongo da jo eta su larrua jotzen» erantzun nion. Hark higuin aurpegia jarri eta «arren, ez dut nire arreba horrela irudikatu nahi» ez zidan bota, bada. Ni, egia esateko, dezente sumindu nintzen eta, emakumeon sexualitate desitxuratu gabearen aldeko borroka pertsonalari eutsita, egundoko azalpen-hitzaldia eman nion.

Izan ere, gizonezkoei ez zaie emakumeak izaki sexual bezala ikustea gustatzen; zailtasunak dituzte geu ere apetaz eta grinaz beteriko pertsonak garela onartzeko, zer esanik ez sexu bila ere ibil gaitezkeela, alegia, geu izan gaitezkeela harreman mota horren eragile aktiboa.

Kontua, gainera, dezente areagotzen da delako emakumea senideren bat izanez gero: ama, arreba edo alaba. Eta ezinegon-maila ezberdinak sentitu ohi dituzte, anaiak, semeak edo aitak sekula sortuko ez lekizkiekeenak. Hala ere, mailarik goren eta jasangaitzena sor diezaiekeena, ezbairik gabe, ama da. Eta esango nuke, maila berean ez bada ere, emakumeok ere nekez onartzen ditugula geure amen heldu edo zahar garaiko maitasun-istorioak, sexualitate berantiarra barne.

Nire ustez, seme-alabok bizitzan zehar gurasoekiko, amekiko bereziki, garatzen dugun berekoikeriak eragiten du hori. Ez baititugu familiaz haragoko norbanako aske gisa hautematen, gu eduki aurretik ere bilakaera pertsonala eta milioika gertakizun bizitakoak. Alderantziz, beti guretzako prest, gu zaintzen eta laguntzen jarraitu behar dutelako uste sendoaz bizi gara. Ikusi besterik ez dago zertara bultzatu ditugun egungo aitona-amona ugari, egoera ekonomikoak sustatuta, baina askotan hori bera aitzakia gisa baliatuta: euren astiaz gozatzera barik geure seme-alabak heztera. Amonak, batik bat, automatikoki jotzen baitugu haiengana, emakumeen jagole eta etxe-antolatzaile bikainaren rol zaharra betikotuta. Eta are ankerragoa, zahartzaroa nahieran bizitzeko eskubidea ukatuta.

Horregatik, adinekoa maitemindu egiten denean –eta seko maitemintzen denak modu berean egiten du 22, 55 edo 76 urterekin, bestela zer demontretarako–, eta batez ere adinekoa emakumea denean, ondokoak artega jartzen hasten dira. Batetik, beldur direlako nahi bestetan eskura izaten jarraituko ote duten, eta bestetik, horretarako garaiak joan zirela pentsatzen jarraitzen duen jendartea osatzen dugunez, lotsatu egiten garelako. Gazteak eta helduak baino ez ditugu aintzat hartzen maitasun eta sexurako, adin jakin batetik aurrera gozatzeari, hunkitzeari, berotzeari, jakin-mina asetzeari, besteak beste, utziko bagenio bezala, egongelan arnasa lasai hartzen eta ahalik eta gutxien molestatzen saiatu baino ez bagenu bezala.

Ni neu emakumeon sexualitate aske eta benetakoaren aldekoa naiz, uste dut arlo horretan lan handia dagoela oraindik egiteko. Eta emakumeon baitan, jakina, amak eta amonak ere ikusten ditut. Zein justua litzatekeen eurentzat agian kontu honetan badugula eurei zertan lagundu, zer aholkatu edo zer entzun, besterik ez, ulertuko bagenu, gizon eta emakumeok, guztiok. Eta grinak asetzera animatuko bagenitu ere, zergatik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo