dry tooling I Errepikapena
Jose Luis Penin, «Law and order»ekin goreneko mailara
Dry tooling-eko espezialista galiziarrak Austriako Tirolean dagoen muturreko bide hori egin du. Nahiz eta M13 mailakotzat proposatuta egon, batzuek diote M13+ izan daitekeela. Bosgarren errepikapena lortu du.
Andoni ARABAOLAZA I
Dry tooling-a egundoko bilakaera izaten ari dela ez du inork zalantzan jartzen. Espezialitate honek pare bat hamarkada badu ere, oraindik ere eztabaida sakona dago bere barnean biltzen dituen hainbat eiteren inguruan. Eta hori, bederen, mistoko muturreko zailtasunean dabiltzanek sustatu dute. Alabaina, bere bidea jarraitzen ari da, eta haren inguruko jarduerek, jakina, ez dute etenik.
Horietako baten berri emango dizuegu jarraian. Izan ere, Jose Luis Peninek Europa mailan sona handia duen «Law and order» bidea (Austriako Tirol) kateatu berri du. Zalantzarik gabe, Espainiako Estatuko espezialista indartsuenetarikoa da galiziarra. Eta haren motibazioak emaitza bikaina izan du.
«Law and order» bidea oso sari preziatua da bai bere izaerarengatik, bai duen zailtasunarengatik. Markus Bendler izan zen bide hori igotzen lehena, eta alemanak M14 proposatu zuen. Ondoren, errepikapen batzuk izan ziren; tartean Eric Svab-ena. Esloveniarrak M13 mailakotzat aurkeztu zuen, eta dirudienez, gradu horretan geratu da. Hala ere, M13+ izan daitekeela diote batzuek.
Bide entzutetsu horren bosgarren errepikapena egin du galiziarrak. Eta lan horretarako hiru eguneko saioak behar izan zituen. Urtearen hasieran kateatu zuen, eta Peninek baieztatu duen legez, bidea ikusi eta haren sarean erori zen: «Maitemindu nintzen».
Zailtasun gorenean
«Law and order» bidea egin ahal izateko, galiziarrak ibilbide gogorra izan du aurretik. Pixkaka bada ere, eskarmentuarekin beste «izar» batzuk eskuratu zituen: «No limit» (M12+), «Game over» (M13-)...
Orain beste koska bat egin du muturreko graduan. Poltsikoratu berri duen bidea kateatu ahal izateko, lan eskerga egin behar izan du: «Oso entrenamendu zorrotza egin dut. Kirol eskaladan, adibidez, 8c graduko bide bat egin dut. Plafoian, berriz, 120 yaniro egitera heldu nintzen. Jakin banekien ondo baino hobeto estutu behar nuela. Bideak 40 metro ditu, atseden hartzeko oso zati gutxi dauzka, erresistentzia handikoa da, oso tarte teknikoak gainditu behar dira eta eskalatzen ari zaren bitartean dagoen tentsioa erabatekoa da. Erori handikoa da, eta txapaje batzuk nahiko arriskutsuak; erori gogorra izan dezakezu».
Arestian aipatu dugu espezialitate honek egundoko bilakaera eta eztabaida bizi duela. Horrela bada, aipatu behar dugu Peninek ez zituela ezproiak erabili eta pioletetan atseden hartzeko soilik eskuak erabili zituela eta ez gorputzaren beste atal batzuk. Gai horri, bederen, galiziarrak garrantzia eman dio. Izan ere, «etika» hitza azaltzen da: «Norberak bere etika du, eta nik neure irizpideak indarrean jarri nituen. Uste dut bilakaera norabide horretatik doala. Askok eta askok eskalada garbiagoa aldarrikatzen dugu. Pioletak soilik eskuetarako eta ezproirik gabe, uste dut hori dela norabidea».