ITSASOA
Da Hui surf elkartea Hawaiin jaun eta jabe
Oahu iparraldean arriskutsuak dira olatuak, baina arriskutsuagoak izan daitezke bertako surflariak, Da Hui surf elkarteko kideak.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I
Joan den astean Da Hui Backdoor Shootout txapelketaz mintzo ginen. Gaurkoan, txapelketa hori antolatzen duen Da Hui surf elkarteaz eta bertako kideez arituko gara.
Da Hui
Da Hui Pipelineko surf elkartea da. «Hui» hitzak taldea esan nahi du Hawaiiko hizkuntzan eta «Da Hui» izenak surflari taldea esan nahi du.
Ozeanoa eta kultura babesteaz mintzo den elkarte bat da, baina helburu nagusia Pipelineko urautsian «ordena» ezartzea da. Horrek jendea uretatik ateratzea suposatzen du. Batzuetan, gainera, uretatik atera behar den morroia oldartu egiten zaie eta askotan ukabilkadaren bat edo beste banatu beharra ere izaten da. Horretarako prest izateko, surfean ez ezik, boxeoan eta borroka librean ere aritzen dira Da Hui elkarteko kideak. Haien elkarteko web orrian ikus daitekeen moduan, elkarteak bi zutabe nagusi ditu, batetik, surfa eta, bestetik, arte martzialak.
Eddie Rothman (elkarteko zuzendaria), Squidd, Perry Dane eta beste lagun batzuek sortu zuten taldea. Atzerriko jendeak haien urautsietan antolatzen zituzten surf lehiaketez nazkatuta zeuden. Batez ere, Australiako marka izenak ziren antolatzaileak eta bertakoek oso gutxitan hartzen zuten parte lehiaketa haietan. Hasiera batean, black shorts izenez ziren ezagunak bertako hawaiiarrak.
1976. urtean Pipelinen txapelketa bat ospatzen ari zen bitartean, surf egitera sartu ziren Rothman eta bere lagunak, lehiaketarik ez balego bezala. Fred Hemmings txapelketaren antolatzaileak bertako gazte batzuei uretara sartzeko eta txapelketa eremuan zeuden surflari haiek ateratzeko eskatu zien, baina hauek horrela erantzun omen zioten: «Fuck You Haole! Badakizu nortzuk diren horiek? Horiek, Da Hui dira, bertakoak dira eta inor ez da beraiekin nahasten».
Egun hartan hartu omen zuten lehenengoz Da Hui izena, nahiz eta urte askotan oraindik black shorts izena erabiltzen jarraitu zuten.
Off Spring
Oahuko kostaldea inspirazio iturri izan da musika talde askorentzat. Kalifornia Behereko institutuetan sortu zen The Chantays taldeak, adibidez, 1962an disko bat kaleratu zuen, «Move it» izenekoa, eta B aldean arrakasta handia izan zuen abestia argitaratu zuten, «Liberty's Whip» izenekoa. Bruce Brown surflariaren Pipelineko irudi batzuk ikusi ostean, abestiaren izena aldatu zuten eta «Pipeline» izena jarri zioten. Izena aldatzeari esker 1963ko AEBetako abesti arrakastatsuenen zerrendan laugarren postua lortu zuen. Abesti honen bertsioa musikari askok egin dute, gurean, Anestesia taldeak esaterako.
Off Spring taldeak, berriz, «Da Hui» izeneko abesti bat dauka. Abestiak Hawaiin surf egiten zaudela bertakoekin izan ditzakezun arazoez dihardu, kritika moduan. Abesti honekin bideoklip bat egin zuten eta bertan abeslaria surf egiten ari den bitartean Da Hui elkarteko kideek uretatik nola botatzen duten ikus daiteke. Aktore lanak egiteko Da Hui elkarteko lau kide ezagunenak aukeratu zituzten eta ez zuten antzezpen lanetan arazorik izan, askotan egin ohi dutena besterik ez baitzuten egin. Lau kideok Sunny Garcia, Johny Boy Gomes, Makua Rothman eta Kala Alexander dira.
Pipelineko surflari hauek surflari onak izateagatik dira ezagunak, baina baita askotan sortu izan dituzten iskanbilengatik ere. Jendeak beldurra die eta askok ez du Pipelinen sartu ere egin nahi, bertakoekin esperientzia txarrak izan dituelako.
Bad Boys
Hawaiin eta munduko beste hainbat lekutan izan duen jarrera harro eta mehatxatzaileak famatu egin duen Da Hui elkarteko kiderik ezagunena Johny Boy Gomes da. Mundakan lehen aldiz sartu zen egunean, urautsira iritsi, eta olaturik handiena berarentzat nahi zuela esan omen zien bertakoei. Algortako surflari batek berak ere handiena nahi zuela erantzun omen zion. Zorionez, ez zen ukabilkadarik izan.
Johny Boy Gomes edonor beldurtzeko gai den gizon horietako bat da. AEBetan borroka antzezpenak egiten aritzen diren aktore horietako bat dirudi. Ez da gizon garaia, baina bere mehatxuzko begiradak, gorputz gihartsuak eta daukan jarrera harroak «kontuz ibili» esaten dute.
Gaur egun Johny Boy Gomes eta Sunny Garcia lagunak dira; biak dira Da Hui elkarteko kideak, baina garai batean izan zuten kalapitarik euren artean. 80ko hamarkadan surflari profesionalek ez zuten aparteko entrenamendurik egiten oraindik. Sunny Garciari egin zioten elkarrizketa batean kiroldegian entrenatzen jartzen ikusi zutela eta harriduraz, munduko txapela eskuratzeko prestatzen ari zen galdegin zioten. Sunnyk, ordea, bestelako erantzuna eman zuen: «Johny Boyrekin eztabaida bat izan nuen Pipelinen eta harekin berriz topo egiten dudanerako prestatzen ari naiz, hurrengoan ez baitugu hitzik egingo...».
Sunny Garcia ezaguna da Euskal Herrian. Bera izan zen munduko txapelketa bat antolatzekotan zebiltzan Pukas surf dendako kideak animatu zituena. Antolatzaileak zalantza zuten Zarauzko olatuak munduko txapelketa bat antolatzeko kaskarregiak ez ote ziren. Sunny Garciak birritan surf egin ostean, olatu haietan munduko surf txapelketa bat egin zitekeela esan zien eta horrela antolatu zen munduko lehen surf txapelketa Zarautzen 1988an. Gainera, 1990. eta 1992. urteetan bera izan zen txapelketa honetan irabazle.
2000. urtean WCTko txapela eskuratu zuen Sunnyk, eta egun, Triple Crown gehien irabazi dituen surflaria da, sei bider irabazi baitu koroa.
2006an baldintza berezietan hartu zuen parte Triple Crown lehiaketan Sunny Garciak. Delitu fiskal bategatik hiru hilabeteko kartzela zigorra eta 7 hilabetetan etxetik ateratzeko debekua ezarri zion epaileak, baina zigorra bete aurretik txapelketan parte hartzeko baimena eman zion.
Bideoklipean agertzen den beste surflaria Makua Rothman da, Da Hui elkarteko zuzendariaren semea. Asma arazoak izan arren, olatu handietan surflari bikaina da. 1992an, zortzi urteko ume bat besterik ez zela, Eddie Aikauren omenezko ekitaldi batean parte hartu zuen. Waimeako badian barrena abiatu zen urautsira eta han olatuek gogor kolpatu zuten. Bi olatu eman zituen ur azpian, ur azaleko apar zuria ikusi eta arnasa hartu ahal izan zuen arte.
Makuak zenbait filmetan parte hartu du. «Blue Crush» filmean esaterako, surfean agertzeaz gain, aktore lanak ere egiten ditu, elkarrizketetan parte hartuz. Gaiztoarena egiten du filmean, bertako surflari harroen papera antzezten.
Laugarren «aktorea» Kala Alexander da, hau ere «Blue Crush» filmean agertzen da Makuarekin batera. Morroi arriskutsua da, kartzelan egona, iragan ilunekoa. Arte martzialetan iaioa da, eta KingWolfpak talde erradikalaren sortzailea da. Talde hau tribu gisa aurkeztu ohi dute, baina finean, Da Hui elkarteak duen helburu bera dauka, alegia, Pipelineko urautsian «ordena» ezartzea. Kala ezaguna da batez ere jendea uretatik ukabilkadaka ateratzeagatik eta daukan gaizto itxuragatik. Itxura txar horrek, ordea, zenbait filmatan gaiztoarena egiteko balio izan dio eta egun Hollywoodera joateko asmotan dabilela dio bere web orrialdean.
Beraz, Oahura surf egitera joaten bazarete, kontuz ibili bertakoekin, olatuak eta marrazoak ez baitira hango uretan aurki ditzakegun arrisku bakarrak.