GARA > Idatzia > Kirolak

itsasoa

«Arnas gabeak»

Surflari ernegatua I

Hawaiiarrentzat haoleak gara bertakoak ez garenok. «Haole» hitzak kanpotarra esan nahi du, horretan hizkuntzalariak ados daude, baina zein zentzutan erabil daitekeen esaterako orduan ez da adostasunik, eta ez da harritzekoa, ikertzaile gehienak haole baitira.

Batzuek arraza kaukasoarrari bakarrik dagokion terminoa dela diote. Beste batzuek, datorrenaren arraza edo azal kolorea edozein dela ere, atxiki dakiokeen terminoa dela diote. Animalia eta landareekin ere erabiltzen dela diotenak ere badira. Eta zer diote hawaiiarrek?

Egia esan, zer axola du haiek zer dioten, edozer esanda ere, alferrikakoa izango bada. Bi arrazoirengatik; bata, adituek, medikuek bezala, galdetu bai, baina entzuten ez dutelako. Bestea, Txilardegiri orain gutxi onartu behar izan dioten moduan, hizkuntzak mundu ikuskera moldatzen duelako, mundutik datorkiguna jaso eta antolatzeko bitartekoa hizkuntza delako. Zentzu horretan, haole garenok, hawaiiarrek gauzak ikusteko duten modua ulertzetik urrun gaude, ez baitugu hizkuntza bera.

Bertakoen esanetan, haole hitzak, «arnasgabea» esan nahi du. Hau etimologo atzerritarrek onartu nahi ez duten eta ulertu ezin duten esanahi bat da. Antza, hawaiarrek, antzina elkarren artean sudurrak igurzten zituzten elkar agurtzeko, David nanoak bezala. Modu horretan bizirik egotearen seinalea, hatsa, trukatzen zuten. Gizon zuriak irlak zapaldu zituenean, ordea, agurtzeko eskua ematen zuen, bizirik zeudelako frogarik eman gabe, eta horregatik bertakoek, haoleek arimarik (arnasarik) ez zutela esaten zuten.

Gizon zuria definitzeko modu egokia iruditzen zait «arnasarik gabea». Tamalgarria da, egun, besteei haole deitzen dieten horietako askok arnasarik zein arimarik ez izatea. Gu bezala, haole hitzaren benetako esanahia ulertzeko gai ez izatea. Zuriok ditugun amets berberak izan eta modu berean amestea. Finean, bertakoak izan arren, haole izatea, irletako bisaia, antzinako tatuajea eta lurraren kolorea izan arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo