GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA I Urrezko Lehiaketa

Arrospide eta Mugertza II.a finalerdietan sartu dira

Iraupen proban erabaki zuten Azurmendiren eta Atutxaren aurkako neurketa.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Anjel Arrospidek eta Ugaitz Mugertzak lortu zuten atzo, Ataunen, Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela, beren multzoan lehenengo izango baitira. Atutxak eta Azurmendik, aldiz, final-laurdenak jokatu beharko dituzte, beste multzoetako bigarrenen aurka.

Arrospidek eta Mugertza II.ak mendean hartu zituzten Azurmendi eta Atutxa, nahiz eta azken hauek ziren garaipena erdiesteko faboritoak. Bikote bakoitzak sei probetatik hiruna irabazi zituen, baina gakoa iraupen proban egon zen. Han lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozten 10 minutu eta 10 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Mugertzak eta 11.14 Atutxak eta Azurmendik. Denetara, 21 minutu eta 27 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Mugertzak, eta 22 minutu eta 47 segundo Azurmendik eta Atutxak.

Herenegun, berriz, Senosiain anaiak geratu ziren kanpoan, Larretxea aitaren eta semearen aurka galduta. Horrela, multzoko lehen postua datorren astean jokatuko dute Lopezen eta Erasunen aurka. Hura irabazten duena finalerdietara zuzenean sailkatuko da, eta galtzen duenak final-laurdenak jokatu beharko ditu.

Herenegun ez zen kolorerik egon. Donato eta Ohian Larretxea egungo txapeldunak dira, baita aurtengo txapela lortzeko faborito nagusiak ere, eta aise lortu zuten garaipena, jokatu beharreko sei probetan garaile atera baitziren. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 23 segundo behar izan zituzten, eta Antonio eta Aitor Senosiainek, berriz, 23 minutu eta 47 segundo behar izan zituzten.

Zilarrezko mailakoan bi neurketa jokatu dira, bata finalerdia, eta hori herenegun jokatu zen Zerainen. Bertan, Dorronsorok eta Mugertza III.ak aurreikuspenak bete egin zituzten, Erdozia eta Irazabal mendean hartuta, finalerako txartela lortuz. Dorronsorok eta Mugertza III.ak, 11 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten, eta Irazabalek eta Erdoziak, berriz, 12 minutu eta 20 segundo.

Atzo, final-laurdenetan, Rodriguez aita-semeek erraz irabazi zuten Olasagastiren eta Goñiren aurka. 13.13 izan zen garaileen denbora, eta 16.07 galtzaileena. Finalerdietan, datorren igandean Leitzan, Kañamares II.aren eta Kañamares III.aren aurka neurtu beharko dute segoviarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo