Berezkoak
Bonebeltx eta Harizmendi, bi ezusteak
J.L. I
Harizmendik eta Bonebeltxek eman dituzte final-laurdenetako ezuste nagusiak, eta biek jokatuko dute finalerdietako ligaxkan. Beraiekin batera, Waltari eta Kurutxari ere izango dira. Bihar egingo duten zozketak argituko du zein hurrenkeran jokatuko diren norgehiagokak.
Ostiralean eta herenegun jokatu ziren final-laurdenetako partidak, eta larunbat arratsaldean Baionan, Moderne trinketean jokatutako bi neurketek ekarri zituzten ezusteak.
Agian handiena Bonebeltxek eman zuen, Ozafrain 40 eta 34 mendean hartuta. Makeakoak Superprestigioan ere gauza bera egin zuen, baina hala ere dirua nabarmen atera zen Ozafrainen alde, baina bigarrena ikusita, hura kasualitate bat ez zela izan uler daiteke.
Bonebeltxe orain dela hilabete gutxi heldu da profesionaletara, eta sekulako balentria lortu du. Egia da, aurreko kanporaketan ez zuela jokatu beharrik izan, Etxeto eskuetako minarekin zegoelako, baina finalerdietan da. Juniorra zelarik beregan itxaropen handiak zeuden, baina askok nahi baino gehiago kostatu zaio berezkoetara pasatzea, eta itxaropen hori ere ahultzen hasita zegoen. Orain, ordea, hasi dira emaitzak heltzen.
Hasiera bortitza izan zen 8-0 eta 9-1 aitzineratu baitzen, eta gero abantaila horri ongi eutsi zion, amaieran garaipen handia lortzeko.
Beste ezustea Harizmendik eman zuen, nahiz eta horren handia ez izan. 40-37 menderatu zuen Ezkurra II.a. Urruñakoa azken urte hauetako final guztietan izan da, azken hirurak Waltariren aurka jokatuz galdu egin baditu ere. Aurreko biak, ordea, irabazi egin zituen. Ez dago sasoirik onenean, baina ez zitzaion asko falta izan Harizmendiri irabazteko. Nafarroa Beherekoa 39-33 aurretik aritu zen, baina urruñarrak ongi erreakzionatu zuen, eta 39-37ra hurbildu zen. Harizmendik ez zion barkatu, ordea.
Ostiral iluntzean, berriz, Senperen ez zen izan inolako ezusterik, eta bi faboritoek, Waltarik eta Kurutxarik, aurrera egin zuten. Kubatarrak uste baino lan gehiago egin behar izan zuen Laurent Lanbert 40 eta 24 mendean hartzeko. Hala ere, egungo txapeldunak, txapela berritzeko faborito nagusia denak, norgehiagoka beti kontrolpean izan zuen, eta finalerdietan izateko txartela lortu zuen.
Kurutxarik, aldiz, uste baino askoz ere errazago izan zituen gauzak, eta 40-13 hartu zuen mendean Alfaro. Finalerdietako ligaxka datorren asteburuan abiatuko da, eta zozketa bihar egingo dute.