GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Sagardo Eguna

Bertso eskolak ireki du Hernaniko txotx garaia

Asko izango dira datozen hilabeteetan Hernanira joango direnak, eta ez berariaz herria ikustera. Sagardotegi garaia jada hasi da, eta bertako sagardotegiek publizitatea behar ez duten arren, jendeak hain pozik hartzen duen likidoari fundamentuzko ongietorria egin zioten.

p014_f01_200x109.jpg

Nagore BELASTEGI I

Sagardozaleentzako egun polita izan zen atzokoa, Hernanin Sagardo Eguna ospatu zutelako. Han ibili ziren eguerdian, zahar eta gazte, txinparta ederra sortzen saiatzen. Berez, txotx denboraldiari ongietorria egiteko ekitaldia izan zen, eta horretarako herriko plazan sagardoz beteriko pare bat upel jarri zituzten, hotza gorabehera bertaratu zirenek nahi zuten beste dastatzeko.

Laster herri kirol erakustaldia hasi zen harri-jasotzaile eta aizkolariekin. Ikusle asko harrituta gelditu ziren Idoia Etxeberriak ehun kiloko harria altxatzeko zuen erraztasuna ikustean. Bitartean, aurkezleak, egiten zuen hotzaz jabeturik, sagardoari heltzera animatu zuen jendea.

Baina inork animatu beharrik ez zegoen, basoa beteta izan arren ilaran jartzen zen jende asko baitzegoen. Eskularru eta bufandak ez zeuden soberan atzo eguerdian, baina horrek ez zuen giroa lausotu. Sagardozale trebeenak adinekoak ziren. Txinparta ondo ateratzen zioten zukuari, eta basoari trago bat eman ondoren gainerakoa lurrera botatzen zuten. Gazteek errespetu handiagoa zioten urre koloreko likidoari, eta ez zuten tantarik uzten edalontzian. Gainera, txandaz txanda hobeto ateratzen zituzten burbuilak.

Tabernetan ere giroa

Ordu biak aldera plaza husten joan zen. Batzuek etxe aldera jo zuten eta beste batzuk, berriz, alde zaharreko tabernetan sartu ziren, hotza alde batera uzteko. Taberna batean zeuden, hain zuzen ere, Unai Alonso, Anahi Perez eta Imanol Gorrotxategi hernaniarrak bazkaltzeko zer egin behar zuten erabakitzen.

«Gaur goizean ohartu nahiz Sagardo Eguna zela. Lagunek esan didate trago batzuk hartzen ari zirela eta ea animatzen nintzen», adierazi zuen Alonsok. «Bakoitzak nahi duen giroa topatu dezake gaur. Gu pote batzuk hartu eta bazkaltzera etxera joango gara, baina jendea ziur aski berandura arte geldituko da», azaldu zuen Perezek.

Giro atsegina sortu zen arren, Gorrotxategiren ustez txotx denboraldiari ongietorria emateko ekitaldi horrek ez du publizitaterik egiten. «Sagardotegiak beraiek dira publizitaterik onena», baieztatu zuen, «Astigarragako sagardo eguna garrantzitsuagoa da. Sagardotegi guztiek upel bat jarri behar dute, bestela ilara luzeak sortzen dira».

Perezek sutsuki defendatu zuen bere herria, Hernaniko sagardotegiak oso onak direla esanez. «Sagardotegi onak ez dira telebistan agertzen diren horiek, denak eserita ateratzen diren horiek. Dantzan, zutik jaten, koadrilarekin, orain txotx eta orain hitz egin... hori da sagardotegietako girorik politena, eta Hernaniko sagardotegi guztiak dira horrelakoak».

Hirurak baino gehiago ziren jada, eta lagun talde honek zeharo baztertu zuen etxean bazkaltzeko aukera. Tabernetan zegoen giroa ikusita, etxeratzeko kontua gauerako utzi eta pintxotan jarraitzea erabaki zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo