Bizkaia Bilbao Basketen garaipena Manresaren aurka
Behar den bezalako «despedidea»
Partida itsusi samarra jokatu arren, erraz nagusitu ziren Katsikarisenak. Atzean sendo aritu zen taldea, eta aurrean, behar bezala asmatu zuen Mumbruk.
Arnaitz GORRITI I
Bidekorik ez zen izan amaieran, baina kaleko hotzari aurre egiteko modu polita zatekeen Maurizia Aldaiturriaga handiaren berbak hartuta ematea amaiera partidari. «Hauxe da despedidea / hauxe da despedidea / despedida honen tristea / agur aita eta ama / agur anai arrebea». Behar den moduan eman zion «despedidea» Bilbao Basketek Bilbao Arenari eta bere zaleei, Manresari erraz asko irabazi ostean. Izan ere, otsailaren 20ra arte bizkaitarrek ez dute berriz etxean jokatuko, eta aho zapore mikatza utziko zuketen talde kataluniarraren aurka galdu izan balute.
Egia da, bestalde, partida nahiko itsusia jokatu zutela biek ala biek -ez zitzaion «itsusi» adjektiboa asko gustatu beltzezko gizonen teknikariari, eta hargatik haserre mintzatu zen prentsaurrekoan-. Azken batean, distira baino sendotasun handiagoa erakutsi zuten etxekoek. Defentsan Manresako Rodrigo San Miguel antolatzailearen etorria agortu zuten eta errebotearen jabe egin ziren hasieratik. Erasoan, aldiz, nahiz eta baldar ekin partidari, Banic eta, batez ere Mumbruren eskutik, erraz asko lortu zuten aldea.
Neurketa bigarren laurdenean apurtu zen. Aurreneko zatia 17-11 amaitu ostean, berehala zabaldu zuten aldea bilbotarrek. Kataluniarren artean Grimauk eta Slokarrek bakarrik asmatzen zuten, baina oso tarteka, eta bizkaitarrek, berriz, oso gutxitan amaitzen zuten erasoa punturik lortzeke. Barneratze ugari egiten zituzten Katsikarisenek, eta saskiratze erraz asko lortu asistentziei esker. Hala ulertzen da biko jaurtiketetan horren portzentajea ona lortu izana. Jackson eta Fihser ez ezik, asistentziak banatzeko orduan Axel Hervelle ere oso fin aritu zen, ondoko marratik bikain mugitzen delarik eta erreboteak harrapatzeko orduan kokapen ona baitu; hala, aurkariak bere jaurtiketa oztopatzera hurbiltzen direnean, bakarrik dagoen kideren bat erraz aurkitzen du. Mavroeidis, esaterako, asistentzia horiez bapo baliatu zen.
Atsedenaldia iristerako, bizkaitarrek partida poltsikoan zeukaten: 42-26. Manresak lantzean behin jokaldi politen bat lotzen zuen; Jaume Ponsarnauren mutilek paseak bikain ematen dituzte, baina etxekoen defentsa zorrotzaren aurrean asko kostatzen zitzaien talde joko txukun hori garatzea.
Mumbruri esker, estutasunik ez
Partida irabazita zuten usteaz joan baziren aldageletara Katsikarisenak, itxura bertsuaz itzuli ziren kantxara. Defentsako lana egiteari utzi zioten beltzezko gizonek, eta Manresak ongi aprobetxatu zuen bizkaitarren erlaxazioa. Grimau eta Slokar erasoan bikain aritu ziren hirugarren laurdeneko aurreneko minutuetan. Horrez gain, zenbait baloi ere berreskuratu zituzten kataluniarrek -Janis Blumsek oso minutu txarrak jokatu zituen, eta bere buruarekin haserre bizian zegoen Katsikarisek aldatzea erabaki zuenean- eta, hori gutxi ez eta, Alex Llorca gazteak barneratze azkar askori esker, pare bat saskiratze eder lortu zituen. Hala, Katsikarisek hutsartea eskatu behar izan zuen, bere taldearen abantaila atsedenaldiko abantaila erdira murriztu baitzen: 46-38.
Estutasunik ez zuten izan, ordea, bizkaitarrek. Alex Mumbru izan zen bilbotarren erreakzioaren erantzule. Hegalekoa oso urte ona ari da burutzen, beltzezko gizonen liderra da eta markagailua estutzen delarik. Lider baten moduan aritu zen atzo ere: baloia eskatu zuen, jaurtiketa libreak behartu zituen eta asistentzia eder pare bat ere eman zuen. Fisher eta Hervelle-ren jokaldi batek aldea berriz ere zabaltzen lagundu zuen: antolatzaileak hirukoa sartzen zuelarik, pibotak bi jaurtiketa libre atera zituen. Azken orduan, etxekoen aldea 16 puntura zabaldu zuen berriro: 61-45 laurdenaren amaieran.
Beltzezko gizonen abantaila 20 punturaino ere zabaldu zen -69-49- Vasileiadis-en hiruko baten ondoren, baina ez zuten aurkaria umiliatzeko borondate handirik izan, eta azken minutuetan denbora-pasa aritu ziren Katsikarisenak. Manresak aukera ongi aprobetxatu zuen aldea murriztu eta markagailua txukuntzeko -esaterako, orduan sartu zituen San Miguelek bere puntu bakarrak-. Azarotik jokatu gabe egon ostean, berriz, Paco Vazquezek ere izan zuen jokatzeko aukerarik, eta zaleen txalo artean hiruko bat sartu zuen Ibizakoak. Bidekorik gabe, baina behar bezalako «despedidea». Otsailaren 20ra arte.
Irabazi arren, nahiko mikatz mintzo zen Bilbao Basketeko entrenatzailea, are gehiago, kazetari batek partida «itsusia» izan zela aipatzean.
«Perfekzioaren bila ari gara lanean, baina ez gara Lakers. Niretzat ez da partida `itsusia' izan», bota zion.
«Pozik nago taldearen lanarekin. Defentsan eta errebotean ongi aritu gara hasieratik. Bagenekien Manresak gogorrago jokatuko zuela hirugarren laurdenean, baina uneotan baloi larregi galdu ditugu eta geldoegi jo dugu erasora. Arin konpondu ditugu arazoak, dena den», amaitu zuen. A. G.