Maitasun eta politika anabasa, «La Republica» telesail berrian
«La Señora» telesailari jarraipena emango dion «La Republica» (TVE1) estreinatuko da gaur, 22.15ean. Garai politiko hark eragin zituen aldaketak, maitasun kontuekin batera izango dira hizpide. Aurreko pertsonaia batzuez gain, aurpegi berri ugari agertuko dira pantaila txikian.
GARA |
Bost milioi ikusle baino gehiagorekin agur esan zion iaz «La Señora» (TVE1) telesailak. Handik urtebetera euren jarraitzaileak zorioneko dira, kate berberak gaur estreinatuko baitu -22.15ean- «La Republica», aurreko telesailari jarraipena emango dion proposamen berria. Lotura pertsonaiek emango diote, izan ere hainbat protagonista aurreko proiektuko aktoreak baitira. Horiez gain, aurpegi berri ugari gehitu dira Estatu espainiarrak 1931ean igaro zuen egoera politikoan girotutako istorioak antzezteko.
Jarraipena nola egin asmatzea «ez zen batere erraza izan» Diagonal TV-ko Jaume Banacolocha ekoizleak adierazi zuenez. Haren aburuz, telesail berriak istorio ezberdinak kontatzen baititu eta, gainera, beste garai batean girotuta dagoelako. «Hori bai -gehitu zuen-, tonua eta gauzak esateko modua `La Señora'ren berberak dira eta hori da garrantzitsuena».
Alde batetik, garai hartan izan ziren aldaketa politiko eta sozialak -nekazari iraultza ere agertuko da- ikusi ahal izango dira baina, hori ez da osagai nagusia izango, pertsonaia guztien artean sortuko diren harremanak eta tirabirak baizik. Horregatik baieztatu zuen Jordi Frades zuzendariak, «politikari buruzko telesail bat baino, gizakiari buruzko telesail bat» dela.
Pertsonaia amarauna
«La Republica»-k De la Torre sendia du protagonista nagusi. Madrilen bizi dira eta entzute handikoak izateaz gain, ez dakite arazo ekonomikoak izatea zer den. Tartean, maitasuna sortuko da: Fernando de la Torre (Feliz Gomez) bi emakumerengana lotuko duena: Alejandra (Veronica Sanchez) eta Mercedes (Mariona Ribas). Fernandori hiruko amodio joko horrek arazo bat baino gehiago sortuko dizkio bere lagun minarekin.
Horiekin batera, aktore ezagun asko izango dira. Ursula Corbero («Fisica o Quimica») kasu, Beatriz de la Torreren azalean sartuko dena. Alejo Sauras Jesus Prado izango da, Alejandraren ahizpa. Aita berriz, Alex Angulo euskal aktorea izango da, Antonio Pradoren izena hartuta.
Gaur telesailari hasiera emango dion atala Madrileko hilerri batean hasten da. Bertan, Ramiro Villasecaren -Castroko Markesaren egiazko izena- hilobia hobitik aterako dute, baina hutsik dago. Bertara Agustin de la Torre abokatu ospetsua joan da. Orduan, markesa non dagoen deskubritu beharko du, bezero misteriotsu batek hala eskatu baitio.
«La Republica» ren inguru historikoa ondo kontatu eta sinesgarria izan dadin, besteak beste, jantziak eta dekoratuak xehetasun txikienera arte zaintzea ezinbestekoa da. 30eko hamarkadan girotua, telesailean bertan erabilitako jantziak, arduradunek azaldu zutenez, «oso anitzak, koloretsuak eta argitsuak» dira. Gainera, garai hartan emakumeek leku berezia eskuratu zutela azpimarratu zuten eta hori jantzien bidez ere ikusi ahal izango dela.
Ikerketa eta aukeraketa lanak luzeak izan dira eta hori dela eta, aurre ekoizpena Londres eta Italian egin dutela baieztatu zuten. Behin josteko oihalak eta materialak hautatuta, antzezle bakoitzari neurrira egin dizkiote jantzi guztiak. GARA