GARA > Idatzia > Ekonomia

Europako erreskate funtsa sendotzeko neurriak prestatzen ari da Alemania

GARA |

Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroak adierazi duenez, Berlingo Gobernua Europako erreskate funtsa sendotuko duten neurriak prestatzen ari da. Finantza Egonkortasuneko Europako Funtsa gaur egun 440.000 milioikoa da, baina ezin da osorik erabili, kalifikazio onenari («AAA») eusteko zati bat erreserban gorde behar dutelako. Modu horretan 225 milioi inguru baino ezin dute eskuratu.

«Gobernu koalizioa ados dago datozen asteetan neurri osoak prest izateko», esan zuen Schaeublek «Tagesspiegel» egunkarian argitaratutako elkarrizketan. «Jendeak krisitik krisira zabuka gabiltzalako susmoa izan ez dezan saiatu behar dugu», gaineratu zuen. Ministroaren hitzetan, plan horrek Egonkortasun Hitzarmena gogortzeko neurriak izango ditu, Europako politika ekonomikoa bateratzeko. «Eta, jakina, erreskate funtsaren diseinu berria izango du, erreskate funtseko 440.00 milioiak eskuragarriak izan daitezen», argitu zuen.

Norbolsak egindako txosten baten arabera -atzo Europa Press agentziak zabaldua-, ez dirudi Estatu espainolaren erreskatea beharrezkoa izango denik, baina Portugali dagokionez ezin da baztertu aukera hori.

Maileguak

Bestalde, Jean Claude Juncker euroguneko Finantza ministroak esan duenez, Europako agintariek onartu dute arazoak dituzten estatuei interes tasa txikiagoko diru maileguak ematea, eta modu horretan euren zor publikoa merkeago erosi ahal izango dute .

Estatu horiek, Greziatik hasita, zorrak jaulkipenean duen interesa baino gutxiago ordaintzen badute, zorra murriztu ahal izango dute. Junckerrek «Spiegel» aldizkarian azaldu zuenez, okerra izango litzateke estatu aberatsenen ahaleginen zain egotea. «Tabuak ekidin behar dira, baina ezin diegu gehiegi eskatu herri sendoenei», esan zuen Junckerrek, zeharka, Alemania -Europako motor ekonomikoa- aipatuz.

«Sendotasunik gabe ezin da elkartasunik egon, baina elkartasunik gabe ez dugu aurrera egingo sendotasunean», nabarmendu zuen Junckerrek.

Alemaniako hedabideek ziotenez, Berlin prest dago Greziari bere zorra berregituratzen uzteko -epeak luzatuz eta beste baldintzak aldatuz-. Orain arte Atenasek, Berlinek eta Europako Batzordeak ukatu egin dute halako neurri bat aztertzen ari direla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo