tour down under I Gorka Izagirre izan da aurreneko euskalduna, 12. postuan bukatuta
Meyerrentzat aurreneko itzulia
Ben Swift britainiarrak lortu zuen sprintean bukatu zen probako azken etapa Henderson taldekidearekin lehia estua izan eta gero.
GARA |
Garmin Cervelo taldeko Cameron Meyer australiarrak lortu zuen azken garaipena Tour Down Under itzulia osatzen duten sei etapetan gizonik indartsuena izan eta gero, eta egundaino lortutako arrakastarik handiena erdietsi zuen. Hala, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Matthew Goss herrikideak, Meyerrekiko zuen atzerapena ezin izan zuenez gainditu. Sky etxeko Ben Swift britainiarrarentzat izan zen, ordea, Adelaidako kaleetan zehar sprintean amaitutako azken etapa eta sailkapen nagusiko hirugarren postuaren jabe egin zen.
Iaz egin bezala, Sky Team taldeak goitik behera menderatu zuen itzuli australiarraren azken etapa eta helmuga zeharkatzeko garaian aurreneko bi postuetan gizon bi kokatzeko gai izan zen. Hala, Swift eta Greg Hendersonek erakustaldi aparta emanda egin zuten etxerako bidea.
Bestalde, Zazpi Tourren jabe den Lance Armstrong estatubatuarrak agur esan zion txirrindularitza profesionalari behin etapa amaituta. Armstrongek 67. tokian bukatu zuen irabazlearengandik ia 7 minutura.
Egoitz Murgoitiok amaiera bikaina eman zion ziklokroseko euskal egutegiari eta ondo nagusituta lortu zuen garaipena Ispasterren jokatutako nazioarteko lasterketan. Murgoitio jaun eta jabe izan zen proba osoan zehar eta ia minutuko errenta lortu zuen Aitor Hernandez bigarren sailkatuarekiko. Hirugarren lekuan, berriz, Ben Werdenek amaitu zuen minutu eta erditik gora. David Secok, ostera, bere agurrean maillot zuri batekin korritu zuen, eta «Eskerrik asko. Hasta Siempre» mezua zeraman bertan.
Bestalde, UCI Munduko Kopako azken lasterketan, pattal aritu zen Javier Ruiz de Larrinaga 42. tokian bukatu baitzuen. «Ez naiz ehuneko ehunean aritu eta hor dago emaitza», adierazi zuen haserre MMR-Lizarte taldeko txirrindulariak. Niels Albert belgikarrak lortu zuen garaipena, hala azken proban, nola txapelketan. GARA