Australiako Irekia
Federer, Djokovic eta Berdychek ez dute gupidarik izan eta aurrera egin dute
GARA |
Roger Federer, Nova Djokovic eta Tomas Berdych tenislariek aise utzi zituzten txapelketatik at hurrenez hurren Tommy Robredo, Nicolas Almagro eta Fernando Verdasco, eta aurrera egin dute Australiako Irekian.
Ezusteko bakarra Andy Roddicken kanporaketa izan zen, estatubatuarrak ezer gutxi egin baitzuen Stanilas Wawrinka suitzarraren aurrean (6-3, 6-4 eta 6-4). Hortaz, suitzarren arteko dema izango da finalerdietarako txartelaren lehia, iazko txapelduna den Federrek ere aurrera egitea erdietsi baitzuen.
ATPko bigarren sailkatuak set bakarra galdu zuen Robredoren aurka (6-3, 3-6, 6-3, eta 6-2) eta errekor berri bat ezarri zuen, 27. aldiz sailkatu baita erreskadan Grand Slam bateko final-laurdenetera.
Partida epikoa
Emakumeen artean, berriz, Francesca Schiavone italiarraren garaipen zirraragarria izan zen jardunaldiko gauzarik aipagarriena, Kuznetsova errusiarrari partida irabaztea ekarriko zioten sei bola jaso baitzituen tenislari transalpetarrak orotara 4 ordu eta 44 minutu iraun zituen partidan (6-4, 1-6, 16-14).
Bestalde, Maria Sharapova errusiarrak agur esan zion txapelketari 6-2 eta 6-3 galdu ostean Andrea Petkovic alemaniarraren aurka. Gainerako partidei dagokionez, Caroline Wozniackik ez zuen arazo larririk izan Sevastova 6-3 eta 6-4 garaitzeko. Na Li txinatarrak ere, aurrera egin zuen Azarenka kanpoan utzita.