Europan bila
Arnalls irakasleak behar duen antitesia
Bigarren partida jarraian jokatuko du Athleticek San Mamesen, aurrekoan lortutako emaitza errepikatu nahian. Lortuz gero, seigarren posturaino igoko da.
Amaia U. LASAGABASTER I
Cliff Arnalls Cardiffeko unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Bada denbora dexente urteko egunik txarrena kalkulatu ote daitekeen ikertzen ari dela. Baita lortu ere, formula matematiko bat (1/8C+(D-d) 3/8xTI MxNA, ez da broma) asmatuz. Eta bere tesiaren arabera, gaur da, urtarrilak 24, urteko egunik txarrena, inolako dudarik gabe. Are gehiago aurten, astelehena izanda.
Arnalls irakasleak behar duen antitesia planteatzea egokitu zaio Athletici. Edo, hobe, bere formula deigarriak zentzurik ez duela demostratzea, hainbat ustezko zientzialariren lanek bezalaxe. Izan ere, urteko egunik onenetarikoa izan daiteke gaurkoa zuri-gorrientzat; urteko aro onenaren ataria, gutxienez. Denboraldian lehen aldiz, talde bilbotarrak Europako postuetan amaitu dezake jardunaldia, Atleticok atzo bere norgehiagoka galdu ondoren. Eta Sevillaren mehatxua astetik astera handitzen ari den arren, gainerako emaitzek ere nolabaiteko lasaitasuna eskaintzen dute -astelehenetan jokatzeak abantailak izan ditzake-: berdinketa batekin zazpigarren postua mantenduko luke Athleticek, madrildarrekin berdinduta, eta galduz gero, postu bakarra besterik ez luke galduko.
Zuri-gorriek, jakina, ez dute hirugarren aukera horretan pentsatu ere egin nahi. Denboraldiko lehen erdia sailkapenaren goiko aldean amaitu badute, etxean egin dutenari esker izan da eta argi dute azken urratsa emateko, etxetik kanpoko ibilbidea sendotzeaz gain, San Mamesekoari eutsi beharko diotela. Inork ez du ahaztu, gainera, hurrengo jardunaldiak taldea Vicente Calderonera eramango duela. Eta ordurako ikuspuntua, eta taldearen jokaera bera, oso desberdinak izan daitezkeela gaurko partidan gertatzen denaren arabera.
Aurrekariek faboritotzat jotzen dute Joaquin Caparrosen taldea: San Mamesen daraman ibilbide horrek, sailkapenaren beheko aldeko taldeen aurka orain arte eman duen nagusitasun itxurak, edota Hercules Lehen Mailan estreinako denboraldian lortzen ari den emaitzek -partida bakarra irabazi du etxetik kanpo, Camp Noun izan bada ere-, besteak beste. Baina Athleticek azkenaldi honetan, Bartzelonaren aurkako Kopa kanporaketa alde batera utzita, gauzatu dituen hainbat partida kaskarrek ez dute gehiegizko konfiantza izateko tarterik uzten. Eta, Fernando Llorentek berak larunbatean nabarmendu zuenez, talde zuri-gorriak une seinalatuetan tamalez bere bertsiorik zorigaiztokoena eskaintzeko duen ahalmenak ere ez.
Llorente eta Toquero, zelaian
Aurrelariari berari egokituko zaio joera txar horri uko egitea, hasierako hamaikakoan egongo baita, joan den larunbatean zerbikaletan jasandako kolpe gogorra gainditu -guztiz ez bada ere- ondoren. Bere alboan Gaizka Toquero egongo da, hau ere astean zehar taldetik kanpo eduki dituen arazo fisikoak gainditu ondoren.
Eta aulkian, bere aukeraren zain, deialdiko ustekabe nagusia, Iñigo Diaz de Cerio. Kordobatik itzuli eta lau egunera, denboraldiko lehen minutuak jokatzeko aukera izan dezake gaur aurrelari gipuzkoarrak.
Beste aukera bat izango du Borja Ekiza atzelariak. Malagan gertatu zen bezala, defentsa lanetan arituko da, hamaikakora itzuliko den Mikel San Joserekin, eta Ustaritz aulkian geratuko da.
Joaquin Caparrosek ez du gehiegizko konfiantzarik nahi eta bere jokalariei gogorarazi die sailkapenaren goiko aldean jarraitzeko beharrezkoa dela San Mamesen orain arte izan duten ibilbideari eustea. «Gure helburu guztien oinarria etxeko partidak irabaztea da. Lehen itzulian ez dugu etxetik kanpo erregulartasunik izan, baina etxean bai, eta ildo horretan, horrela jarraitu behar dugu».
Hori lortzeko, taldeak «kontzentrazioa» goi-goian eduki behar du, aurkaria izen handikoa ez bada ere. Herculesek «sekulako mailako jokalariak» dituela nabarmendu zuen entrenatzaileak. «Oso partida zaila izango da», nabarmendu zuen. GARA