Heineken Kopa
Stade Toulousain izango da Biarritzen aurkaria
Jon LEUNDA I
Biarritzek etxean, Anoetan, jokatuko ditu Heineken Kopako final-laurdenak, eta Stade Toulousain izango du aurrez aurre. Atzo amaitu zen lehen fasea, eta zuri-gorriek atzora arte itxaron behar izan zuten aurkaria zein izango den eta etxean jokatuko duten ala ez jakiteko.
Zuri-gorriak etxean arituko dira, baina neurketa zaila izango dute, egungo txapelduna, Stade Toulousain izango baitute aurrez aurre. Bestetik, ongi etorriko zaie lapurtarrei, izan ere bi talde hauek neurtu baitziren iaz Parisen jokatu zen finalean, eta orduko ordaina eman nahiko diete euskaldunek Okzitaniakoei. Kanporaketa hauek apirilaren 9ko asteburuan jokatuko dira.
Beste partidetan, Perpinyak Toulonen aurka jokatuko du, Northamptonek Ulsterren aurka, eta Leinsterrek Leicesterren aurka. Beraz, atzo iragarri bezalaxe, Ulster bigarren onena bezala sailkatu da, eta Biarritzek herenegun puntu gehigarria lortu izan ez balu ere sailkatuko zatekeen, nahiz eta orduan, kanpoan jokatu behar izan. Hortik aurrera kanporaketak partida bakarrera jokatuko direnez, garrantzi handia dauka etxean jokatzeak.
Finalerdiak ere bai
Finalerdiak ere nola izango diren erabakita geratu dira. Biarritzek final-laurdenak gainditzen baditu, finalaurrekoa kanpoan jokatu beharko du, eta aurkaria, berriz, Leinsterren eta Leicesterren arteko irabazlea izango da. Kanporaketa hori, berriz, apirilaren 30eko asteburuan jokatuko da.
Beraz, datorren udaberriaren hasieran Anoetak, gutxienez, hiru neurketa hartuko ditu. Bata Avironek jokatuko duen ligako partida, bestea Biarritzek eta Avironek jokatuko duten euskal derbia, hau ere Top14 Ligakoa, eta azkena Biarritzek Stade Toulousainen aurka jokatuko duena, hau Heineken Kopakoa, eta iazko finalaren errepikapena.