GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

EAJ energia nuklearraren alde (berriro)

Senatu espainolean PSOE, PP, CiU eta EAJ, Entesa eta Talde Mistoak Ekonomia Iraunkorreko Lege proiektuari (LES) eragingo dion zuzenketa bat adostu zuten duela bi egun, eta atzo Madrilgo Kongresuan bozkatu zuten. EAJk eta CiUk aurkeztutako zuzenketa horrek eragingo duen aldaketa dela-eta, Estatuko zentral nuklearren bizitza baliagarriak zuen 40 urteko epea desagertu egingo da, eta zentralak itxi edo haien jarduera luzatzeko erabakia Madrilgo Gobernuaren eskuetan geratuko da. Energia nuklearra ordezten joateko garaia dela zirudienean, Estatuko indar gehienek haren alde bozkatu dute. Hartara, PSOEk gai horri dagokionez behin eta berriz hitza jan izana alde batera utzita, deigarria da EAJren jarrera, LES delakoaren aldaketa horrek Garoñako zentralari ez diola eragingo esanez justifikatu nahi duena; hipokrisia erakustaldia eginez, alegia: energia nuklearra txarra da etxe ondoan, baina etorkizuneko apustua, etxetik urrun. CiUk, ordea, kontrakoa dio, Gobernu espainolak Garoñako zentralaren bizitza baliagarria luzatu lezakeela. Ez dago oso argi; nolanahi ere, argi dago EAJren apustua energia nuklearraren aldekoa dela. Ez da apustu berria, ordea, instituzioetan eta kalean Garoñako zentral nuklearraren aurka agertu izan bada ere, sutsuki defenditu zuen Lemoizkoa orain dela zenbait hamarkada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo