GARA > Idatzia > Kultura

Euskarazko hedabide ez publikoek diru laguntzen «zalantza egoera» gainditzeko eskatu dute

Hilabete ere ez da pasa 60 euskarazko hedabide ez publiko baino gehiagok editorial bateratua argitaratu zutenetik, erakundeei sostengu ekonomiko finkoagoa eskatuz. Eskaera hori jendaurrean egin zuten atzo.

p041_f02_096x096.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Otsailaren 2an argitaratu zuten Euskal Herriko euskarazko hedabide ez publikoek editorial bateratua. Atzo, bertan azaldutako eskakizun eta iritziak zabaldu zituzten, prentsa aurrean egin duten lehen agerraldian, hemendik aurrera bizi duten egoerari buruz berri ematen jarraituko baitute agerraldi eta berri ezberdinen bidez.

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azaldu zuenez, euskaraz aritzen diren hedabideak ehundik gora dira, eta CIESek egindako azterketa batean agertu zenez, euskaldunen %57ak kontsumitzen ditu hedabide hauek. Hala, «sektore bizi eta kontuan hartzekoa» osatzen dutela defendatu zuen, eta ondorioz, diru laguntzak direla-eta hedabide hauek jasaten ari diren egoera larria salatu zuen.

Izan ere, «erronka berriei aurre egiteko sostengu erantsi bat behar izan dugunean, laguntzak murriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian», esan zuen Mendizabalek. Bizirauten jarraitzeko adina baino ez dutela jasotzen azaldu zuen, eta horrek proiektu berriak abian jartzeko zailtasunak sortzen dizkie. «Egungo laguntzek kasurik onenean prekarietatean bizirauteko aukera eskaintzen digute, garatzeko aukerari hegoak moztuz».

Gainera, diru laguntza horien murrizketez gain, dirua jasotzeko garaian pairatzen duten «zalantza egoera» ere nabarmendu nahi izan zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean elkartu ziren hedabideek. Mendizabalek azaldu zuenez, urte hasieran eman beharrekoak ez dira beti garaiz iristen eta sekula ez dakite ziur iritsiko den, edota zenbatekoa izango den, eta aurrera begirako plangintzen garapena zailtzen die horrek. Hortaz, laguntza horiek urte hasieran jasotzea, finkoak izatea eta orain arte baino handiagoak izatea eskatu zuten.

Horrez gain, instituzioek euskarazko hedabideetan egiten duten publizitate inbertsioa ez dela nahikoa azaldu zuten. Hedabide hauek euskaldunen %57ak kontsumitzen dituzten arren, inbertsioa murritza dela azaldu zuten, «publizitate instituzionala egiteko beste politika bat behar da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo