GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Zergatik ez nintzen joan Bilbora

Joan den otsailaren 19an Bilboko manifestazio historikora joan nahi nuen, baina ez zen modurik izan hori aurrera eraman ahal izateko, autobusez. Aurreko astelehenean, otsailaren 14an, gurpil-aulkian dabilen beste lagun batek telefonoz deitu zidan galdetzeko ea banekien ba ote zegoen autobus egokituren bat Bilbora joan ahal izateko. Hortik aurrerakoa abiadura handiko txanpa bat izan zen. Astean zehar harremanetan jarri ginen Lokarri, EA eta Aralarrekin, baina bulego horietatik erantzun ziguten, beraiek ez zutela autobusik antolatu.

Jarraian, harremanetan hasi ginen legez kanpoko ezker abertzaleko zenbait pertsonarekin. Burlatan bazegoen autobus bat antolaturik, baina gurpildun aulkietarako egokitu gabe. Horrelaxe jarraitu genuen saiatzen aste osoan, bai beraiek, bai gu, nahi genuena lortzeko, baina, ostiralean, azkenean, erabat amore eman behar izan genuen, aipatutako ezker abertzaleko partaide batek, informazioa jaso ondoren, erantzun zigunean, zoritxarrez, antolatutako autobus guztiak beteta zeudela, eta bakar bat ere ez zegoela egokituta gure beharretarako. Pena bat izan zen, zeren eta bi gutxitu fisiko gelditu baikinen Bilboko kale-agerraldira joan gabe, gehi beste bi edo hiru pertsona gehiago.

Horiek horrela, honako hau adierazi nahi dut euskal gizartearen aurrean. Lehenik eta behin, eskerrik beroenak gurekin batera autobus egokituren bat lortzen saiatu ziren guztiei: Amaia, Jokin, Edurne, Xabi, Fermin eta abar. Bigarrenik, hemendik aurrera, inoiz beharrezkoa balitz autobusak antolatzea mobilizazio garrantzitsuren batera joateko, antolatzaile guztiei, ahal den neurrian, eta apal-apalki, eskatu nahi genieke behin ere ez ahazteko gizarte honetako premia eta beharrik handienak dituzten pertsona xehe eta arrunt guztiak.

Bukatzeko, gauza garrantzitsu bat gogoratu eta jakinarazi nahi diegu Nafarroako alderdi politiko guztiei, salbuespenik gabe (UPN, PP, CDN, PSN, Aralar, EA, Sortu, NEB, Batzarre, EAJ, Hamaika bat, Alternatiba...), LISMI izeneko legea, hau da, Elbarriak Gizartean Integratzeko Legea, 1982koa, indarrean dagoela Estatu osoan, eta, horren ondorioz Nafarroan 1988an egindako Foru Legea ere, era berean, indarrean dago, baina, zoritxarrez, Garraio eta Telekomunikazioen araudiak, oker ez banago, oso gutxi eta gaizki garatuta daude; horrexegatik, besteak beste, Iruñean dugun autobus geltoki berria, oztopo arkitektonikorik gabea, paradoxikoa badirudi ere, elbarrientzat ez balego bezala da, zeren eta, aipatutako bi araudi horiek gutxi eta gaizki garatuak daudenez gero, konparaziora, autobus enpresak ez baitaude behartuta beren ibilgailuak egokitzera, eta ez dituzte egokitu; beraz, halako obra ikaragarri handi hori, ni bezalako pertsonentzat, alfer-alferrik dago.

Ni, Iruñeko Udalean aritu nintzenean, aurreko agintaldian, behin baino gehiagotan saiatu nintzen bi araudi horiek hobeki gara zitezen, baita lehenengoan hobekuntza batzuk egin zitezen ere, baina argi eta garbi ikusten denez, ez nuen batere arrakastarik izan. Horrexegatik, eskatzen diet Nafarroako alderdi politiko guztietako hautetsiei, batez ere hurrengo legealdian, saia daitezen lortzen nik erdietsi ez nuena, berriz ere ez errepikatzeko hil honen 19an gertatu zena. Ea nik topatu nuen baino sentiberatasun handiagoa aurkitzen duten. Zorte on!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo