Floren Aoiz www.elomendia.com
Ikuskizunaren gibelean pertsonak daude
Tristea da, baina gehiegitan ikuskizun interesatuen menpe erortzen gara. Nahita eragindako emozioak sentitzen ditugu, sentiarazi dizkigutelako. Argia piztu eta oholtzaren gainean errealitatearen argazki trukatua jarri digutelakoOrain Libia. Lehen Egipto eta Tunisia. Hurrengoa? Munduko arreta beste norabait pasako da, edo pasaraziko digute, eta herri hauek desagertuko dira. Ikuskizunaren agertokia. Ikusten dena nagusitzen da eta gutxi batzuek erabakitzen dute zer den ikusgarri.
Batetik bestera, Haititik Tripolira, Wikileaksetik Obamaren 2.0 kanpainara, Torre Bizkietatik Somaliako itsasontzi bahituetara. Idatzita iristen zaigu gaurkotasunaren gidoia. Guretako, baina gure iritzia aintzat hartu gabe prestatutako espektakuluaren ikus-entzule besterik ez gara. Hipnotizatuta, Magrebetik Brasileko faveletara goaz, lepotik zintzilik, lotzen gaituen sokari «mundu globalizatua» deitzen diogularik.
Pantailatik desagertutakoa, Tunisian edo Egipton gertatzen dena, bigarren mailara pasa da. «Iraultza» bukatu da, nahiz eta sistema ustel horietako beste agintariak boterean dauden oraindik. Aldaketa zertan gelditu den ez dakigu, baina hori ez da mundu mailako berria. Ikusgarriak ziren manifestazioak. Erregimenak ez aldatzeko egiten diren egokitzapenek, berriz, ez dute arretarik merezi.
Libiara pasatu da arretaren argia. Libiako agintariak inperioaren kontrakoak izan ziren garai batzuetan. Orain inperioaren morroiak dira. Aski da Bin Ladenen inguruko mezuak aditzea non kokatuta dauden atzemateko. Baina, batez ere, indarrez menperatzen dute jendea. Herritarren odola isuraraziz egin dute estatubatuarren joko zikina. Orain, inperioak abandonatuta, deabru bihurtu dira, garai batean bezala.
Baina Libiako agintariak ez dituzte inperioarekin lotzen. Tunisia eta Egiptokoak ere ez. Diktadoreak dira, komunikazioaren nazioarteko lobby-en hitzetan, atzo arte Mendebaldeko estatuen lagun minak baziren ere. Izan ere, eroritakoak ez dira inperioaren lagunak izaten.
Tristea da, baina gehiegitan ikuskizun interesatuen menpe erortzen gara. Nahita eragindako emozioak sentitzen ditugu, sentiarazi dizkigutelako. Argia piztu eta oholtzaren gainean errealitatearen argazki trukatua jarri digutelako.
Zirraragarriak dira, jakina, ikusi eta entzuten ditugunak. Baina ez ditugu telebistetako pantailetan ikusiko AEBetako edota Europako politikari, enpresari edo militarren jarduerak. Ez digute diktadura horiek babestu dituen esku luzea erakutsiko. Armada txikitzaile horiek diruz eta armaz hornitu dituztenen aurpegiak ez dira lau haizetara zabalduko.
Ikuskizunaren kulturak irudien joan-etorri etengabea dakar. Atzokoa gaur ahantzita, gaurkoa bihar gaindituta. Argiak itzaltzen direlarik, alferrikakoa da oihua, entzunezina laguntza eskaera, ikusezinak lurrean pilatutako gorpu torturatuak. Ez dago boterearen banaketa berrien jokoa zabaltzeko kamerarik. Ez dago matxinaden ondotiko zapuzketa erakusteko programazio berezirik.
Korrika doan arreta fokuaren gibelean korritzeari utzi beharko geniokeelakoan nago. Munduari geure begiekin so egin. Jendearen ahotsak gure belarriez entzun, bitartekari ustelik gabe. Aintzat hartuz ilusioak, ametsak, beharrak eta gogoak dituzten pertsonak direla. Bizi nahi dutelako matxinatu diren pertsonak.