GARA > Idatzia > Mundua

Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diote Israelgo presidente ohi Katsavi

Moshe Katsav Israelgo estatuburu ohia kartzelarako bidean jarri du Tel Aviveko barruti auzitegiak, aurrekaririk gabeko epai batean, agintari zela hainbat funtzionario bortxatzeagatik eta jazartzeagatik. Errekurtsoa aurkeztuko dutela jakinarazi dute haren abokatuek.

p022_f01_148X108.jpg

GARA

Auzi-epaileen aurrean egindako negar-zotinek ere ez zioten deusetarako balio izan Israelgo presidente izandako Moshe Katsavi. Guztia ongi bideratuz gero, datorren maiatzaren 8an espetxeko atarian aurkeztu beharko du bere burua, zazpi urteko kartzela zigorra ezarri baitzion atzo Tel Aviv barruti auzitegiak, bortxaketak eta sexu abusuak egotzita.

Zigortuko zutela gauza jakina zen, pasa den abenduaren 30ean erruduntzat jo baitzuen auzitegi berberak; baina atzo eman zituzten ezagutzera zigorraren xehetasunak. Turismo ministro zela (1996-1999) bere idazkari zena bi aldiz bortxatzea, eta estatuburu zela (2000-2007) bi funtzionariori sexu jazarpen eta abusuak etengabe egitea leporatu diote; horregatik, zazpi urteko itzalpera, bi urteko baldintzapeko askatasunera, eta kalte-ordainetan 120.000 shekel (25.000 euro) ordaintzera behartu dute.

Bortxaketagatik 16 urterainoko kartzela zigorra ezartzen du Israelgo legediak, eta hori kontuan hartuta, nahiko zigor txikia egokitu zaio Katsavi. Haren abokatuek, halere, epaiari errekurtsoa ipiniko diotela jakinarazi zuten; eta ebazpena «neurrigabea» dela iritzita, kexa aurkeztu dute, epai-prozesuan euren bezeroaren oinarrizko eskubideak urratu direlakoan: «Auzi honek ikerketa batzorde baten osaketara eraman beharko gintuzke», exijitu zuen Zion Amir legelariak epaitegitik ateratakoan. Katsav berak ere azaldu zuen bere haserrea auzi-saioan: «Erratu egin zara! Gezurtia garaile irtetea ahalbidetu duzu!», esanez eten zuen behin eta berriz epailearen jarduna.  

 

Aurrekaririk gabe

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzokoa «egun tristea» izan zela nabarmenduz baloratu zuen Katsaven aurkako auzi-saioa, baina, era berean, herrialdearen auzi-sistema behar bezala dabilela erakusten duela adieraziz, bere «oniritzia eta harrotasuna» agertu zuen. Egia da, nolanahi ere, auziak aurrekaririk gabeko zurrunbiloa eragin duela Israelen; ez soilik delituen larritasunagatik, baita Estatu arduradun baten aurka artean ez zelako inoiz halako kondenarik ezarri Israelen. Ustelkeriak eta gehiegikeriak nagusi izaten segitzen dutela agerikoa da, alde bateko zein bestekoak ezkutatzen saiatu arren.

KATSAVEN DIMISIOA

Xantaia baten biktima zela iritzita, 2007an eman zuen dimisioa Moshe Katsavek presidente kargutik. Hiru hileko etenaldia eskatu zuen lehenbizi, eta kargu-uzte formala aurkeztu geroago.

Israelek mehatxuak bete, eta bederatzi palestinar hil ditu Gazan

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak duela pare bat egun esana zuen «oldarraldi gogorra» abiatzekotan zela Hamaseko kideen aurka, haiek egun batzuk lehentxeago leherkariez eraso zietela-eta. Ez du askorik itxaron horretarako, adierazpenok egin eta bi egunetara, sendo jazarri baitzitzaion atzo Gazako herriari. Ustez Hamasek darabiltzan esparruen aurka jo zuen erasoa, sei gune, orotara. Arma fabrikatzen dabiltzan lantegiak zein gerrillariak entrenatzeko baliatzen dituzten eremuak egongo lirateke tartean.

Gune estrategikoak ez ezik, zibilak ere akabatu zituzten, ordea. Lekukoek jakinarazi zutenez, etxalde baten kanpoaldean futbolean jolasten ari ziren bost lagun hil zituzten, jaurtigaiek etxearen aurrealdean jo zutenean. 11 eta 50 urte artean zituzten hildakoek, eta horietako hiru familia bereko kideak ziren. Airez egindako beste eraso batean, berriz, beste lau palestinar hil zituzten. Ez ziren, ordea, erasotako bakarrak izan, larrialdi zerbitzuek jakinarazi zutenez, 19 lagun ere zauritu baitzituzten Israelgo tankeek; horien artean hainbat haur zeudela baieztatu zuten.

Giroa aski gaiztotu da azkenaldian Gazan. Areago Nazio Batuen Erakundea (NBE) palestinar eta israeldarren arteko negoziazioak sustatzeko ahaleginetan diharduela kontuan hartuta. Atzokoez gain, beste lau lagun ere hil zituzten lehergai israeldarrek pasa den astean. Israelek gisa horretako erasoaldiak egiteari uztea beharrezkoa dela nabarmendu zuen atzo Oscar Fernandez Tarancok, NBEko gai politikoetarako arduradunak. «Israelgo gobernuari gogorarazi nahi diogu palestinarrak babesteko obligazioa duela», adierazi zuen. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo