GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Iker Beristain Urizarbarrena Euskal preso politikoa, Castellóko espetxetik

Aurrera bolie, Antxon!

Zer moduz aspaldiko? Beste urtebete pasa da jada azken gutunetik, eta di-da igaro dela onartu beharra daukat. Eskutitz mordoxka idatzi dizkizut azken urteotan, eta urte hauetako guztietako errepasoa eginez gero, sekulako bidea egin dugula iruditzen zait, guztion lan eta borrokaz Euskal Herriaren biziraupena ziurtatu dugularik. Borroka honek kristoren fruituak eman ditu, eta begi-bistakoa da ez dela alferrikakoa izan!

Iazko gutunetik, gauzak izugarri aldatu dira (batzuentzat azkarregi, beste batzuentzat, berriz, ez hainbeste), eta Euskalduna jauregian sinatutako akordioarekin hasi zena Gernikako akordioarekin eta Bruselako deklarazioarekin izan zuen jarraipena, zirkulua nolabait ixteko erakundearen su etena etorri zelarik.

Mugimendu hauen aurrean, etsaiak errepresio basatiaz erantzun du, atxiloketa mordoa eginez, euskal militanteak bortizki torturatuz, epaiketa politikoekin jarraituz... Ezker abertzalearen apustuak jokoz kanpo utzi du, eta eraso horiek guztiek urduritasun eta ezinegonaren erakusgarri besterik ez dira. Hala ere, jakin badakigu etsaiak ez digula ezer oparituko, ahalik eta oztopo eta zailtasun gehien ezarriko dizkigularik; beraz, gure lan eta borrokaz egin beharko diegu aurre, gure helburuak ez baititugu egun batetik bestera erdietsiko. Konponbidea euskal jendartearen esku dago, eta guztion lan eta borrokak eramango gaitu garaipenera... aurrera neska-mutilak!

Esan bezala, ikaragarri aldatzen ari dira gauzak, eta denborak aurrera egin ahala are gehiago aldatuko direla jakitun, ezker abertzalea maiatzeko hauteskundeetan egon ez dadin burubelarri ari da Estatua, ad hoc sortutako Alderdien Lege faxista txikle bat bailitzan erabiliz, beste euskal alderdi batzuk mehatxatuz, berrogeialdiak eskatuz eta «kondena» hitzaz ahoa betetzen. Eta ditxosozko hitza gainontzekooi eskatzen digun bitartean, duela hilabete gutxi marokoarrek sahararren aurka burututako sarraskiaren aurrean itsu, mutu eta gor geratu zen, interes ekonomiko eta geopolitikoak lehenetsiz eta demokrazia, askatasuna eta giza eskubideak alboratuz... sasidemokrazia ustela!

EAJren eta Aralarren jarrerak ere aipatzekoak dira, zirt edo zart egiteko unea iritsi zaienean, beren interesak lehenetsi baitituzte, eta ez Euskal Herriarenak. Jeltzaleen kasuan gainera, Estatuaren interesak babesteari ekin diote, haientzat alderdia, dirua eta poltronak baitira nagusi, beste batzuei betoak eta ultimatumak inposatzen dizkieten bitartean, NaBai haien kortijo pribatu bihurtu dutelarik Uxue Barkos eta enparauen laguntzaz. Traidore ere deituko nituzke, baina horretara ere ez dira iristen... nazkagarriak!

Lubaki hauetan, berriz, betikoan darraigu, etsaia gatibuak umiliatu eta menderatu nahian eta gu berriz geureari eusten eta borrokatzen. Ziur naiz 2011 urte hau euskal estatuaren sorreran mugarri izango dela, eta zure eta ondoan dituzun gainontzeko euskal gudarien bultzadaz lortuko dugula. Borrokak merezi duelako, gora Euskal Herria eta askatasuna beti! Lortuko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo