GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Behatokiko lana

Atzo 33 urte, gure fraile Joxe Agustin Mendizabal getariar ezbehartuari hileta egin geniola. Gaur 33, Seminario gaineko terraza goi-goian, meteorologia tresneriaren erreparoan nire orduak koadratu beharrean aurkitu nintzela. Apurka, oso apurka, eguraldiaren sanidadeaz kutsatzen joango nitzen.

Nondik zetorren Arantzazun termometro-publiometroekiko zaletasuna? Aspalditik, doike. Liberalen soldaduek 1834an hau ere zutenetik, berrogei urte pasa beharko ziren errautsetatik harkaitzarte honetan ezer eraikiko bazen, 1880tik aurrera, errapidea urratu eta zabalduxe zeneko, erromesen bisitan, Ama Birjnaren koroazioa, Gipuzkoako zaindaritza, ikastetxea, bertako ikasleekiko musika banda... dena zihoan aurrera eta gora.

Noski, teologia eta latina bezalaxe, gizalegezko hainbat jakingai erakusten zituzten; erakutsi ahala baita praktikatu ere. Zientzia alorreko maisu trebea bazen orduan, 1920 inguran, landareei bezala txoriei, tximeleta eta matxinsaltoei, oskilaso eta belekumeei, zozo eta birigarroei erreparatuz gozatzen zena. Frantzisko Gandarias Ajangizkoa genuen naturazale hau, 1920an abuztuaren 11tik aurrerako datu meteorologikoak helarazi zituen Igeldora, hilero-hilero, ilada txukunetan plubiometriaz eta termometriaz.

Euri-datu eta datekin batera, behelaino eta lanbro-lainoaren berri ematen zuen. Urriko noten ostean, han zihoan apunte berezi bat, hilaren 11ko ekaitz larriaren berri emanez eta segido beste notatxo bat, «ixtrumenteriarik izanez gero, gustu handiz bilduko nituzke beste hainbat datu ere», lanerako bere burua eskainiz.

Bi urte iraun zuen Gandarias fraileak datuak bidaltzen. Balio handikoa zenez, beste hainbat kargu eta enkargu zamatu zizkioten, tartean Arantzazuko Koruaren zuzendaritza, eta eguraldi txartelak betetzea ikasleen esku utzi zuen. 12 urte luzez, 1922tik 1934ra, nota-txartel denak Arantzazutik, bertako datu meteorologikoekin bidaliak dira. Izenak gabe, lotsa akaso izenpetzeko, halako maisu handiaren ostean?

1934an ageri da hurrengo ikaslearen izena: Joxe Agustin Mendizabal. Bi urtez bereak dira Igeldora iritsitako txarteltxoak. Baina, 1936an, altxamentu uztailekoak eraman zuen 24 urteko gazte patxadakoa, batere gogoko ez zuen parajeetara: uztailean juxtu, itzali da txarteletan bere izena.

1962an, Kubatik Fidelek bota zituen fraileen artean itzuliko zen gure Joxe Agustin. Berak eraikiko zuen 1966an mimo finez behatokia seminario gainean, artez eta taxuz. Hainbat izenen errenkadan, gaur 33 urte hartuko nuen txanda, hemendo datuak, banan-banan apuntatu eta gordetzekoa. Segidakoak, 46 urtetakoak, gordeta dauzkagu: altxor polita!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo