GARA > Idatzia > Euskal Herria

Matxinsalto ekimena, apirilaren 22an, gazte mugimenduaren eskutik

Gazteen arazoak mahai gainean jarri eta horiei kolektibo gisa erantzuteko bideak identifikatzeko asmoz, gazte mugimenduak Matxinsalto ekimena antolatu du apirilaren 22rako. Kultura, komunikazioa, hezkuntza eta sexualitatea tresna gisa hartuta, iraultzarako bideak nolakoa beharko lukeen hausnartuko eta praktikara eramateko bideak aztertuko dituzte. Neoliberalismo eta kontsumismoaren gainetik, ziur dira Euskal Herriko gazteak ameslariak direla.

p016_eh91975.jpg

GARA | BILBO

Gazte kontzientzia kolektiboa berreskuratzeko asmoz, Matxinsalto ekimena antolatu du gazte mugimenduak apirilaren 22rako. Oraindik lekua iragarri gabe utzi badute ere, atzo aurkeztu zuten «iraultzarako tresnak identifikatzea» helburu izango duen ekimena Bilbon.

Aurrez Zestoan gazte mugimenduak egindako topaketetan gazteek «oraindik ametsak badituztela» egiaztatuta, egungo gizarte eredua iraultzeko gai direla sinetsita dago gazte mugimendua. Hala, azken hamarkadan gazte mugimenduan «aldaketa bortitzak» izan direla azaldu zuten atzo prentsaurrekoan, merkatuaren indarraz, kontsumismoaz eta «iraungitze data duen zoriontasunaz» aritu ziren. Gazteak indibidualismoan eta ghettoetan erori direla ohartarazi nahi izan zuten, kaleko bizitzatik atera eta merkataritza zentroetara ihes eginda. «Kaletik atera eta taberna edo lokaletan sartzeko gonbita onartu dugu, hori baita askatasuna: helduek zer egiten dugun ikusi gabe nahi duguna egitea. Kaletik atera eta pantaila eraiki digute parean sare birtualak osatzeko gonbita onartuz. Eta deitu, zenbatu, gehitu», zioten.

Horrek guztiak gazteen artean aldaketa «nabarmenak» eragin dituela zioten, gazteen arazoei aurre egiteko kontzientzia kolektiboa ezabatzeraino. Hala ere, azken hilabeteotan herriz herri gazteen egoeraren gaineko diagnosia egiten dabiltza gazteak, eta «kezka» zein «beharrizanei» aurre egiteko «gogoa» eta «ilusioa» badela ikusi ahal izan dute.

Ekimen honen bidez, gazteek bizi dituzten arazoak mahai gainean jarri eta kolektibo gisa erantzutea dute helburua, «argi daukagulako hau ez dela guk nahi dugun bizi- eta herri-eredua». Agerraldian azaldu zutenez, «gazteok beti joan izan gara bi pauso aurretik, guztia zalantzan jarriz eta gure alternatibak planteatuz». Hala, egunerokoan sortzen diren kontraesanez jabetu eta horiek gainditzen saiatzera animatu zituzten gazteak: «Borroka nire baitan hasten da, aska ditzagun gure buruak!».

Apirilaren 22an, beraz, «matxinadarako» tresna gisa, kultura, komunikazioa, aisialdia, sozioekonomia, nekazaritza eta sexualitatea bera aztertuko dituzte. «Gure ordua heldu da, txo! Iraultza gure baitan hasten da! Egin ezazu behar duzuna!», amaitu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo