GARA > Idatzia > Euskal Herria

Korrika 17ren aurkezpen sozialean, Euskaltzaindia aurten omendu eta anfitrioi

Ostegunean ekingo dio Korrika 17k aurtengo ibilbideari, Euskal Herriko txoko ugari zeharkatzeko asmoz. Atzo, aurkezpen soziala egin zuten Euskaltzaindiaren egoitzan, «euskalakari» ezagunen babes osoa jasota.

GARA | BILBO

Euskararen aldeko lasterketa ezagunenaren 17. edizioa hasteko astebete falta denean, ekimena jendartean aurkeztu zuten atzo Mertxe Mugikak eta Edurne Brouardek, AEK-ko eta Korrikako arduradunek. Azken edizioetan bezala, Korrikaren aurkezpen soziala Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, Bilbon, egin zuten. Alabaina, lehenengo aldia ez bada ere, bertan elkartzeak «esanahi berezia» izan duela nabarmendu zuen Mugikak, Korrika 17ren aurtengo omenduaren etxean batu zirelako.

Arduradun biek alfabetatze eta euskalduntze mugimendua Euskaltzaindiaren babesean sortu zela ekarri zuten gogora.

Korrika 17ren arduradun Edurne Brouardek euskararen alde euskararen eremu osoa zeharkatzen duen manifestaldi hau «korrika» egin behar den jarduera dela esan zuen, «gure hizkuntzaren etorkizuna bermatu ahal izateko, ez dugulako astiro joateko astirik». Halere, ez da soilik denbora eskas duguna, «euskalakari» guztion beharra dago euskara helmugara irits dadin. Hori dela-eta, Brouardek azaldu bezala, «lekukoa elkarri pasatzen diote korrikalari euskalakariek manifestaldi erraldoi honetan».

Hainbat «euskalakari» ezagun elkartu ziren aurkezpen sozialean; Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Itziar Nogeras (Elhuyar Fundazioa), Arantza Elizondo (Emakunde), Marijo Olaziregi (Etxepare institutua), Andres Iñigo eta Andres Urrutia (Euskaltzaindia), Iñaki Murua (Bertsozale Elkartea) eta Iñaki Soto (GARAko zuzendaria) izan ziren, besteak beste, baita hainbat politikari eta sindikalista ere.

Korrika 17k Trebiñutik Donostiara «euskalakariak» elkartuko ditu, apirilaren 7tik 17ra; «Maitatu, ikasi, ari... euskalakari» lelopean. Brouardek parte hartzera deitu zituen herritarrak, eskuz esku, elkarri lekukoa pasatu eta euskararen aldeko lasterketan parte hartzera; «egingo duen bidean Korrikak euskalakariak behar dituelako».

APIRILaren 7an

1, 2, 3... 7! Zazpi egun besterik ez dira falta 17. Korrikak bideari ekiteko. Apirilaren 7tik 17ra, eta zazpi herrialde aurretik. Euskararen aldeko bidaia hunkigarria atzera-kontuan sartua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo