GARA > Idatzia > Ekonomia

Lurrama, EHLGren urteroko erakustazoka, Biarritzen egingo da aurrerantzean

A.M. | BIARRITZ

Euskal Herriko Laborantza Ganberak antolatzen duen erakustazokaren seigarren edizioa Biarritzen izango da azaroaren 4tik 6ra.

Lurramaren antolatzaileek hilabeteak zeramatzaten Baionako Herriko Etxearekin harremanetan, logistika arazoei, batik bat aparkalekuekin zerikusia dutenei, irtenbide egokia aurkitzeko helburuarekin.

Izan ere, 2006an hasi zenetik Baionan egin izan da, batzuetan Xaho gunean eta besteetan, Glainekoan. Alta, hiru egunetan azokara hurbildu ohi den bisitarien kopuru handiak arazoak eragiten zituen aparkalekuari dagokionez. Horrez gain, zenbait azpiegituraren premiari ere ezin zioten aurre egin.

Horrenbestez, erakustazoka Biarrizko Irati aretora lekualdatzea deliberatu dute.

Baiona ez da kontent

Lurramako antolatzaileek biziki eskertu dute «Baionako hiriak, batez ere Jean-Rene Etchegaraik eta Martine Bisautak urte hauetan guztietan emandako sostenguarengatik». Baionako gunean segitzeko egin dizkieten proposamenek ez omen dituela «aski konbentzitu» gaineratu dute.

Alta, erabakia ez da Bisautaren gustukoa izan. «Ezuste gaitza izan da, hiriko aparkalekuak eskaini baikenizkien modu oso oneko tarifetan, baita Glaineko aparkalekuaren zati publikoa doan uztea ere (iaz 3.000 euro kobratu zieten)».

Alderdi teknikoez gain, ingurumen gaiez arduratzen den zinegotziak nabarmendu du EHLGk prefetarekin arazo juridikoak izan dituen urte hauetan guztietan, Lurramak alboan izan duela Baionako Herriko-Etxea.

Etchegaraik berak ere «etsipena» agertu du lekualdaketa dela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo