GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingenieria

Emozioen sare sozialak

Sare sozialek gaztetxoen emozioetan izan dezaketen eragina aztertzen du gaurkoan egileak, beren sareko 400 «lagunak» zeintzuk diren, zein argazki igotzen duten ala pribatutasun ezarpenak ondo konfiguratzen dituzten gorabehera. Gure beste «ni»-a kudeatzen dugula azpimarratzen du, normalean «gezurrik esan gabe», baina era berean, «egia osoa adierazi gabe». Sare sozialen erabilera aktiboak zoriontasunean eragin kaltegarriak izan dezakeela dio, «zoriontsu» baina «besteak baino zoriontsuago» izan nahi horretan. Bukatzeko, «hiritar digital arduratsua» izateak «mundu digitalak gure emozioetan duen eragina kudeatzen jakitea» eskatzen duela nabarmentzen du.

Sare sozialak izan daitezke gaur egungo haur eta nerabeen guraso eta hezitzaile direnen kezka digital nagusia. Nabaria da orduak eta orduak ematen dituztela sare sozialetan, aurrez kalean edo eskolan ikusi dituzten lagunekin. Baina ezin jakin zein diren sare sozialeko euren 400 «lagun» horiek, ez zer kontatzen dieten, ez zein argazki igotzen dituzten, ezta pribatutasun ezarpenak ondo konfiguratzen dituzten ere. Kasu askotan, gainera, guraso eta hezitzaileak dira sare sozialen erabilera egoki bat definitzeko ezagutza nahikorik ez dutenak. Eta bitartean, bien bitartean, gero eta gaztetxo gehiago bilakatzen dira sare sozialen erabiltzaile. Gero eta guraso eta hezitzaile gehiago kezkatuta. Irtenbiderik gabeko gurpil-zoro bat bailitzan sare sozialaren erabilera bera. Baina zer kontatzen edo igotzen duten galdetzetik harago, bada bestelako kezkarik sare sozialen eta gaztetxoen arteko lotura berri bezain masibo horretan: euren emozioetan izan dezakeen eragina.

Iduri du «sare soziala», kontzeptu gisa, Interneteko sare sozialekin sortu dela, berez, Internet gabe bizi ginenean ere, gure sare soziala izan bagenuen arren. Pertsonen arteko loturak dira sare sozialak, zientzian nodoen bitartez irudikatzen direnak, Internetekin edo gabe, gure harremanen geografiaren mapa osatzen dutenak. Baina Internet bidezko sare sozial birtualek badituzte Internet gabekoek ez dituzten zenbait berezitasun.

Eta ezberdinak direlako, beste pertsonekin komunikatzeko kanal eta modu horrek eragin handia izan dezake gure emozioetan. Esaterako, sare sozialen erabilera aktibo batek, pertsona sozialagoak edo agerikoagoak bilakatzen gaitu? Eta bizitzan egiten ditugun zenbait gauza, gure burua asetzeagatik soilik egiten ditugu, edo besteei sare sozialean kontatzean bilakatzen dira benetan garrantzitsu guretzat? Eta horrek guztiak eraginik izan al dezake gure zoriontasunean?

Hasteko, emozioetan duen eragin hori ulertzeko, ezinbestekoa da sare sozial birtualean gure beste «ni» bat kudeatzen dugula azpimarratzea. Egia da normalean ez dela gezurrik esaten. Baina egia da ere egia osoa ez dela adierazten. Alegia, gure alderik onena kontatzen dugula sare sozial birtualean. Edo ez? Nolako argazkiak igotzen dira sare sozialetara? Gustuko ez diren argazkiak igotzen al dira? Zer kontatzen da, besteek jakitea nahi duguna soilik, ala edozer, ona edo txarra izanik ere? Aipatu bezala, sare sozial birtualek irudi baten kudeaketa dakarte beraiekin. Eta ez soilik guk igotzen dugun informazio edo edukiarekin, besteek igotzen dutenarekin ere bai, guri erreferentzia egiten diguten edukiak ere aurki baititzakegu besteen profiletan.

Bada sare sozialetan gure «ni»-aren zatirik onena soilik erakusten dugula baieztatzen duenik. Eta gure irudien kudeaketa hori abiapuntu, zenbait ikerketa sare sozialen eta zoriontasunaren arteko lotura bilatzen tematu dira.

Horietako bat da AEBetako Stanford Unibertsitateko Alex Jordan-ek egindako azterketa bat. Izenburua: «Miseriak jendeak uste duena baino konpainia gehiago du». Jordan-en arabera, sare sozialetako profilak aldizkarietako portadetako argazki aurrez-ukitu horietakoak bezalakoak dira. Eta dio, «inoiz ez garela sare sozialeko gure lagunak baino zoriontsuago izango, inork ezin baitu hain zoriontsua izan». Montesquieu-k ere esaten zuen: «zoriontsu izan nahiko bagenu soilik, erraza izango zen; baina besteak baino zoriontsuago izan nahi dugu, eta hori oso zaila da, beti irudikatuko ditugulako direna baino zoriontsuago». Eta hortaz, egin diren ikerketen arabera, sare sozialen erabilera aktibo batek zoriontasunean eragin kaltegarria izan dezake.

Era berean, eta arestian aipatu bezala, bada sare sozialek hedatu duten beste sentipen bat: «egin dudana edo egingo dudana sare sozialean kontatzen ez badut, egingo ez banu bezala da, inork gutxik jakingo baitu». Hori da, besteren artean, AEBetako Michigan State University-n, «Facebook-eko lagunen onurak» izenburupean egin azterketa baten ondorioetako bat. Eta horrek, besteei begirako jendarte bat sortzen ari garen sentsazioa handitzen du. Alegia, egiten duguna edo etorkizun hurbilerako proiektatzen duguna, neurri batean, ez dugula geure burua asebetetzeko soilik egiten, 400 «lagun» horiei kontatu eta gure irudi jakin bat kudeatzeko baizik. Noski, horrek zoriontasunean izan dezakeen eraginaren tesia indartzen du, gure baitatik hasten baita gure bizitzaren zati bat kontatzeko behar hori, gero nahi gabe besteenarekin alderatzeko.

Horren guztiaren oinarrian, nire ustez, «lagun» eta «pribatutasun» kontzeptuen nahaste edo lausotzea dago, zeina sare sozial birtualen eskutik etorri den. Gaztetxoen pribatutasun ezarpenik ohikoena, igotzen duten informazio guztia sare sozialeko «lagunek» ikustea da. Hau da, 400 pertsonek, bat-batean, klik bateko denboran. Pentsaezina sare sozialik gabe jaio eta hezi ginenontzat. Bestetik, pribatutasunari ematen zaion garrantzia ere aldatu da. Internet sare publikoa dela ahazten baitzaie, informazio hori inora ez doala sinetsiz. Eta are gehiago. Zenbat eta «lagun» gehiago izan, zenbat eta gauza gehiago kontatu, zenbat eta eduki gehiago igo, orduan eta pertsona sozialagoak sentitzen dira, berez, agerikoagoak bilakatzen direnean. Pertsona soziala izatea ez baita gauza asko kontatzea, pertsona ezberdinekin eta testuinguru ezberdinetan sozializatzeko gaitasuna izatea baizik.

Hori guztia horrela, egia da gaztetxoek sare sozialei egunean 30 minutu eskaintzea nahikoa dela, ez luketela ezezagunik onartu beharko «lagun» gisa, ez lituzketela besteen argazkiak igo beharko besteen baimenik gabe. Eta egia da ere, funtsean, hiritar digital arduratsuak bilakatu behar ditugula. Baina hortik harago, sare sozialek emozioetan izan dezaketen eraginaz jabetzea garrantzitsua da. Zilegitasun osoz beste «ni» bat kudeatzen ari direla konturatzea, eta sare sozialeko euren «lagunek» ere horixe egiten dutela jakitea. Eta ez dela pertsona sozialagoa gehiago kontatzen duena, sozializatzeko gaitasun gehiago duena baizik. Alegia, sare sozial birtualetan sortu duten harremanen mapa berri horrek, norberaren geografia emozionalean berebiziko eragina izan dezakeela.

Askotan, sare sozial birtualak isolamenduarekin lotu izan dira, berez, hitzak berak esaten duen moduan, sozializatzeko tresnak badira ere. Finean, sare sozialak komunikatzeko eta sozializatzeko beste kanal bat dira eta, ondorioz, emozioen kudeaketa berezitu bat eskatzen dute. Gaztetxoek hori ere ikasi beharko lukete, sare sozialera zer informazio igo eta zer ez erabakitzeaz gain. Hiritar digital arduratsua izateak, mundu digitalak gure emozioetan duen eragina kudeatzen jakitea ere barnebiltzen baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo