GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Espainiak 9, Espainiak 7

Zalantzak sortu eta zabaldu dira, poliki-poliki, doi-doi, ozta-ozta... Dortokaren mugimenduaren antza hartzen du aldaketak, baina euskal herritarron presioak ondorioak ekarri ditu dagoeneko, eta horrek adierazten du jendarteak baduela boterea

Emaitza bitxia, ezta? Espainiak Espainiaren kontra jokatu du, Gorenaren zelaian, eta horrela gelditu da saioa. Nork irabazi du? Espainiak. Baina galtzaileaz galdetuz gero, ber gauza esan beharko genuke. Edonola ere, bere buruaren kontra izan denez, galera nagusitzen da, batzuek erabakia emaitzatik bereizi nahi izan duten arren

Izan ere, gertatutakoa behar bezala ulertzeko, aurreko saioak ekarri behar ditugu gogora. Zelai horretan beti irabazten du Espainiak, jakina, baina goleadak ikusgarriak izaten ziren, edo horrela aurkezten zizkiguten, bederen.

Aurreko saio guztiek Estatuaren estrategia baieztatzen zuten, eta ozenki aldarrikatzen zen horrek esan nahi zuena. Oraingoan, aldiz, zatiketa nagusitu da, eta ezin izan dute barne lehiaren garrantzia ezkutatu. Astakeriak errepikatu ditu epaiak, inoiz baino txalo gutxiago jasoko dituzte, Goreneko epaileengandik hasita.

Txantxa beti bezain kaskarra da, baina irriak mugatzen joan dira eta orain lehen baino askoz ere gehiago dira, non eta espainiar eragile faktikoen munduan, gidoia aldatu nahi dutenak. Begi-bistakoa da Goreneko zazpi epaileen jarreraren atzean ez dagoela ezker abertzalearekiko zaletasunik, ezta kezka demokratikorik ere. Egin duten hautuaren arrazoiak Estatuaren estrategiaren ingurukoak dira. Epaile hauek, finean, orain arte nagusitu den ildotik aldendu dira, noiz eta presio handiko une batean, eta izugarrizko oihartzuna duen afera zehatz baten harira.

Denok atzematen dugu lehia Estatuko botereetan nahiz beste hainbat esparrutara hedatu dela. Gorenarena iceberg baten alde ikusgarria dela susmatzen dugu, baina ur azpian zer dagoen ezin dugu nahi bezala ikusi.

Bestalde, pentsa daiteke lehia honek estatu ereduaren inguruko eztabaidaz nolabaiteko lotura duela. Baina, egia izanen da? Zaila da hau jakitea. Nekez atzematen ahal dugu guk beraiek ere neurtzen jakin ez dutena!

Joera da garrantzitsuena, dena den, eta eboluzioa, mantsoki badator ere, ezin da ezkutatu. Aho batez erabakitzen zena zatiketa giroan gauzatzen da orain. Zalantzak sortu eta zabaldu dira, poliki-poliki, doi-doi, ozta-ozta... Dortokaren mugimenduaren antza hartzen du aldaketak, baina euskal herritarron presioak ondorioak ekarri ditu dagoeneko, eta horrek adierazten du jendarteak baduela boterea, ez nahiko lukeena, jakina, baina batzuek aitortuko lioketena baino askoz ere handiagoa.

Botereaz ari gara, finean, eta estatuarenak ez dira bakarrak, beren helburua horixe bada ere. Begi bistakoa da badaudela beste batzuk, ekonomikoak, mediatikoak eta abar, baina herriak eta herri eragileak ere boterea dira. Botereen arteko lehian bizi gara eta Euskal Herriak larrutik ordaintzen du eskuratutako boterea. Gorenaren erabakiaren atzean botere talkaren hotsa aditzen da. Mota guzietako botereen arteko lehiarena, finean.

Talka ez da bukatu. Ez dirudi apalduko denik eta hauteskunde gatazkaz lotu da. PSOEren Gobernua estutzen ari dira, kanporatzeko, baina ez soilik horretarako. Aldaketa bideak ixtea da helburua, estatu eredua hamaika gakoz ixtea, etor daitekeenaren aurrean. Hori da haien asmoa; aske bizi nahi dugun euskaldunona, berriz, bideak irekitzea da, gure herriak erabaki dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo