GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Endika Perez Gomez Seysses-en espetxeratutako Segiko kidea

Gazteok gaur Bilbora!

Euskal Herriko gazteriari gaur Bilbon legalizazioaren alde burutuko den manifestazioan parte hartzearen garrantzia adierazi nahi diot. Asko dugu borrokatzeko eta irabazteko eta izan dadila hau urrats sendoa

Bakezale asko, baina bakegile guti», zioen Joseba Sarrionandiak. Gaur Euskal Herrian bizi dugun egoera azaltzen duen esaldi gordina, zuzena. Ukatzen duena itsua, ikusi nahi ez duena baita itsurik handiena.

Itsukeria, gorraizea eta beste zenbait gaixotasun bio-soziologiko diagnostikatu ditut frantziar eta espainiar agintari eta epaileen artean. Ezaren gudan... ezetzean aspaldi bota zuten hauek aingura.

Baina nabarmen gelditzen ari dira. Mila kilometrora bizi denari kostako zaio lurrikara sentitzea, baina iritsiko zaio azkenean mugiaraziko duen bibrazio bortitza. Minimo demokratikoen alde azken urte eta erdian pauso garrantzitsuak eman ditu ezker abertzaleak, eta nahi beste bulkada botako dituzte oreka galdu eta ezkerrera edo eskuinera erortzeko, bidetik ateratzeko. Ez dute lortuko.

Eskubideen defendatzaile sutsu diren horiek -epaile, polizia, politikari eta abar- eskubide urraketen gero eta zerrenda luzeagoa ari dira osatzen. Benetan tamalgarria eta nazkagarria. Estatu espainolak Sorturen ilegalizazioarekin minimo demokratikoen eta gatazkaren konponbidearen alde egiteko duen borondate eskasa erakutsi du enegarren aldiz.

Zenbat dira prozesu demokratikoa abiatu zenetik eman diren sarekadak? Bi eskuetako hatzekin justu-justu kontatu daitezke: bederatzi. Atxilotuen kopurua, neurrigabea. Sarekada hauetatik hiru izan dira gazteon aurkakoak. 70 atxilotutik gora, estatu frantsesaren zein espainolaren eskutik.

Minimo demokratikoen gauzapenera bidean azken hilabeteetan puri-purian egon da Segiko zortzi kideok Izpuran egin genuen itxialdia eta honen inguruan indartu den euroaginduen aurkako mugimendua.

Azken asteetan, ostera, legalizazioaren eztabaida antzua nagusitu da. Antzua, Alderdien Legea bezalako salbuespen legeak soberan daudelako hemen. PPk eta PSOEk euren behar eta nahien neurrira egindako eta gainerako alderdi gehienek babestutako -hitzetan ez bada ekintzetan, ilegalizazioaz baliatuz ezker abertzaleari zegozkion aulkiak lapurtuz- Alderdien Legeari buruzko zurrunbilo eroan erabat sartuta gaude. Alta, espainiar eta frantziar lege arrotzek ez dute zilegitasunik Euskal Herrian nor den legala eta nor ez den legala esateko. Behin hau esanda, eta hankak lurrean, legalizazioa de facto izan beharko litzateke.

2002an Alderdien Legea martxan jarri zenetik dozenatik gora izan dira espainiar «Justiziak» ilegalizatu dituen antolakunde, alderdi eta hauteskunde zerrendak. Horien artean Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeak.

Auzitegi Gorenak Sorturen ilegalizazioarekin argi erakutsi du berriz ere espainiar gobernuarekiko duen menpekotasuna. Polizia eta Guardia Zibilaren txosten arin eta hutsalekin harrizko horma eraiki dutelakoan, lastozko hesia egin dute, aldian legalizaziorako baldintza berriak asmatuz.

Baina eztabaida hau Sorturen legalizazio/ilegalizazioarekin amaitzen al da? Ez! Minimo demokratikoen berreskurapenak harago joan behar du. Ezin dugu onartu alderdi politiko baten aferan geratzea Euskal Herrian legalizazioaren alde mugitzen ari den masa guztia. Berriz diot, honek harantzago joan behar du ezinbestean.

Prozesu demokratikoak aurrera egingo badu ezinbestekoa da Alderdien Legea desagerrarazi, legalizazioaren eztabaida gainditu eta azken hamarkadan ilegalizatutako antolakunde guztiok gure jarduera askatasun osoz garatzeko aukera eta eskubidea berreskuratzea. Hau da, alderdi politikoaren legalizazioarekin batera etorri behar dira ezker abertzaleko zein herri mugimenduko eragile guztion legalizazioa edo jarduera politikoa askatasunez garatzeko eskubidea; gure proiektuak beste guztien baldintza berdinetan garatzeko eskubidea lortu behar dugu.

Honekin batera, antolakunde hauetako kide izatearren espetxeratuta gauden lagun guztion askatasuna exijitzea ere ezinbestekoa da, gainontzeko preso politikoen askatasuna bezala. Hau guztia erasoen aurrean herri harresi sendoa eraikiaz bakarrik lortuko dugu.

Hala, Euskal Herriko gazteriari gaur Bilbon legalizazioaren alde burutuko den manifestazioan parte hartzearen garrantzia adierazi nahi diot. Asko dugu borrokatzeko eta irabazteko eta izan dadila hau urrats sendoa. Gurea da garaipena! Jo eta ke!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo