GARA > Idatzia > Kultura

Betekadaren beldurrik gabe, gaur jokatuko dute finala, gora eta gora datozen Arabako bertsolariek

Iazko kuadrilla arteko txapelketaren jai giroari eusten saiatuko diren arren, bakarka lehiatu beharko dute gaur, 17.30etik aurrera, Arabako sei bertsolari finalistek, Printzipal antzokian txapel bakarra izango baita.

p047_f07_148x136.jpg

Ane ARRUTI | GASTEIZ

Otsailaren 12az geroztik 30 bertsolarik hartu dute parte aurtengo Arabako Bertsolari txapelketan; 2009an hemezortzi izan zirela kontuan hartuta, aintzat hartzeko gorakada, nolanahi ere. Bertso-eskoletan eta hezkuntza arautuan egindako lana gutxietsi gabe, iaz esperimentu gisa estreinatutako kuadrilla arteko formatuak sekulako indarra eman dio Arabako bertsolaritzari.

Aurten formatu «klasikora» bueltatu da Arabako txapelketa -urtero txandakatuz joango dira kuadrillakoa eta bakarkakoa- baina itzulera honek ez ditu bertsolariak kikildu, alderantziz. Gorakada, parte-hartzaileetan ez ezik, ikusle kopuruan ere nabaritu da, eta bai afari formatuan egindako kanporaketetan, bai aretoetan egindako finalaurrekoetan ere, erantzun bikaina izan dute entzule aldetik.

Giro baikor honek lagunduta jokatuko dute gaur aurtengo Arabako finala. 17.30ean hasiko da Gasteizko Printzipal antzokian eta orain arte ondoen aritu diren sei bertsolari izango dira bertan kantari: Manex Agirre, Oihane Perea, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Ander Solozabal.

«Oso garesti egon da aurten finalean sartzea», esan zuen Solozabalek asteartean egindako prentsaurrekoan, eta txapela ere garesti egongo dela dirudi. Hiru finalistek -Pereak, Otamendik eta Enbeitak- badakite txapela janztea zer den. Agirre ere indartsu dator, iaz aramaioarrekin irabazita, eta Zigoitian jokatu zuen finalaurrekoan lehen postua lortuta. Viñaspre 2004tik finalista izan da eta Solozabal, saioko gazteena, lehenengo aldiz arituko da finalean.

Bete-bete

Bertsolariek oholtza gainean lagun izaten duten ur botilarekin irudikatu dute aurtengo txapelketa. «Bete!» leloa erabili dute, lortutakoak eta lortu beharrekoak islatuz, «nork bere nahierara erabiltzeko moduan».

Gaurkoa bertso festa bete-betea izateko, sei finalistek gogotik egin beharko dute lan: lehen fasean, binaka, hiruna bertso zortziko nagusian eta hiruna bertso zortziko txikian. Banaka, bina puntu erantzun zortziko txikian eta, berriro binaka, hiruna bertso hamarreko txikian kantatu beharko dituzte. Bukatzeko, emandako gaiari bina bertso, doinu eta neurri librean.

Puntuazio onena lortzen duten bi bertsolariak buruz burukoan arituko dira txapelduna nor den erabakitzeko lehian. Hiruna bertso egin beharko dituzte ofizioka seiko motzean eta kartzelako gaiari, berriz, hiruna bertso, neurri eta doinu librean.

Aurkezle lanetan Lierni Altuna arituko da, gai-emaile, berriz, Idoia Beitia. Epaile taldea honakoek osatuko dute: Hodei Lopez de Arkaute, Patxi Aizpurua, Ekaitz Elorriaga, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Iker Elexpuru, Endika Ruiz de Samaniego idazkari dutela.

Oraindik sarrerarik ez dutenentzat, antzokiko leihatila saioa hasi baino bi ordu lehenago zabalduko da, 15.30ean, aretoa bete-bete egin bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo